[Galeria] "Zuei esker kolorez jantzi dugu auzoa, txuri, gorri eta beltzez"
Bigarren urtez jarraian balkoi eta leihoak apaintzeko lehiaketa egin du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak. Sari banaketa egin dute gaur.
Erabat ezohikoa izaten ari da aurtengo San Pedro eguna, baina hala eta guztiz ere, gaurko egunari keinu bat egin diote Alde Zaharra-San Juan auzo elkartekoek. Bigarrenez jarraian, balkoi eta leihoen lehiaketaren sari banaketa egin dute gaur udaletxe atzean, diana eta guzti. Bi sari berezi banatu dituzte lehenik. Horietako bat Olaberria bailarako Asier Santxez bizilagunarentzat izan da, eta bigarrena Ama Xantalen adinekoen egoitzako langileentzat. Sari nagusia aldiz, Irungo familia batek jaso du. Ondoren, partaide guztiei opari bat entregatu diete.
“San Pedro eguna dugu gaurkoan, urteko egunik handienetakoa gure hiriarentzat, San Martzial egunaren bezpera. Bigarren urtez ez ditugu jaiak ospatuko Irunen, baina zuei esker kolorez jantzi dugu auzoa, txuri, gorri eta beltzez. Gure jai kuttunen koloreak. Gora Irungo alde zaharra eta San Juan, gora Irun, gora San Martzial!”, esan dute elkarteko kideek gaurko ekitaldian.