Ruiz de Eguino artista donostiarrak bere obraren gaineko hitzaldia eskainiko du Irunen

Egun Menchu Gal aretoan ikusgai dagoen 'Ruiz de Eguino, bat eta askotarikoa' erakusketak izandako harrerak hitzaldi bat antolatzera bultzatu du udala. Ostegunean izango da, 19:30ean.

Azken asteotako bisita gidatuek izandako harrera ona dela eta, Irungo Udalak ‘Ruiz de Egino, bat eta askotarikoa’ erakusketaren gaineko hitzaldi bat antolatzea erabaki du. Menchu Gal aretoak jasoko du, etzi (hilak 27), 19:30ean. Bertan izango da Iñaki Ruiz de Eguino artista donostiarra.

Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dela gogoratu dute udaletik, helbide honetara idatziz edo 943 505 408/07 telefono zenbakira deituta.

Erakusketak artista donostiarraren sormen lana errepasatzen du, 1980ko hamarkadatik gaur bitarte. Orotara, 58 artelan jaso dituzte (14 eskultura eta hainbat neurritako 44 pintura hain zuzen ere), horien artean Tetradimensional izenekoa, San Telmo museoak utzitakoa.

Erakusketa Menchu Gal aretoaren ohiko ordutegian bisitatu daiteke, ekainaren 6ra bitarte. Ondorengoa da ordutegia: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan eta jaiegunetan aldiz, 11:30etik 13:30era.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.