Petra Labordaren 1929ko errezeta liburua berrargitaratu du Arma Plazak
'La cocina práctica' izenburupean plazaratu zuen Labordak lehen edizioa; Santiagoko kondesaren etxean eta Madrilen osatzen joandako errezetategia da.
Petra Laborda sukaldari hondarribiarraren La cocina práctica izenpeko errezeta liburua berrargitaratu du Arma Plaza fundazioak. Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak gaur ezagutarazi duenez, aurten aurreikusitako proiektuen artean zegoen 1929. urtean plazaratutako errezetategia berriz ere merkaturatzea, “aspaldi agortuta baitzegoen”.
Koldo Ortega historialari eta fundazioko kolaboratzaileak proposatu zuen liburuaren berrargitalpena. Arma Plaza fundazioak begi onez ikusi zuen, eta lanean hasi ziren, baita Emeki emakumeen elkartearekin elkarlanean ere. Sukaldari hondarribiarraren historian sakonduz joan ahala, “horizonte interesgarriagoa zabaldu zitzaigun Labordaren figurari balioa emateko garaian zein sukaldaritzan egindako ekarpenari dagokionez ere, hainbat errezeta berreskuratu baitzituen, nahiz eta gaur egun ez diren kozinatzen”, erantsi du zinegotziak.
Hori horrela, “anbizio handiagoko” proiektua garatzea erabaki zuen Arma Plaza fundazioak. Batetik, “diseinu bereziko” liburu bat prestatzea aurreikusi zuten, eta bestetik, Ortegarekin elkarlanean, sukaldariaren bizitza errepasatzen duen lan historikoa burutzea onartu zuten. Labordaren jaiotza, haurtzaroa eta garapen profesionala Santiagoko kondesaren zerbitzupean eta Madrilen bildu dute era horretan. Euskal Gastronomia Akademiako Juan Manuel Garmendia kidearen laguntza jaso dute Labordaren sukaldari ibilbidea errepasatzeko.
Azkenik, errezetategia erreproduzitzeko dinamika ere abiatuko dutela gaineratu du zinegotziak. Horretarako, Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik, Goxoki elkarteko Iñaki Jauregik, Hawai gozo-dendako Eva Urigainek edota Maria Pilar Goikoetxea bezalako hondarribiarrek Labordaren errezetak kozinatu dituzte. “Tokiko osagarriak baliatuz errezeta bat interpretatu dute, nahiz eta horietako batzuk dagoeneko galdu diren”, bukatu du Silanesek. Irudien bitartez bildu dituzte kolaborazioak.