Denda kaleko bi plazatxoek hartuko dituzte emakumeen izenak; Emekik kale izendegiaren inguruan egindako azterlanaren ondotik datoz aldaketak.

Hondarribiko bi plazek hartuko dituzte aurrerantzean Agustina Genua eta Petra Labordaren izenak, Emeki elkarteko kideek, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Gotzone Larrarte zinegotziak eta Juan Pablo Genua omenduetako baten semeak ezagutarazi dutenez.
Aipatutako bi plazen izendapenak ez du eraginik edukiko bizilagunengan, egun, ez baititute izenik. Biak Denda kalean kokatuta daude; Genuarena, azoka egin ohi zen lorategietan, haren omenezko plaka dagoen lekuan, eta Labordarena, Remigio Mendiburu kalearekin sortzen den plazatxoan.
Agerraldian parte hartzaileek adierazi dutenez, Genua txikitatik joaten zen bertara baserriko produktuak saltzera. Bizitza osoa eman zuen bertan, eta Alde Zaharreko bizilagunek miresten zuten. Hala, ekoizlearen semea eskertuta agertu da izendapenarekin, eta haren ama “ia azken egunera arte” aritu zela bertan saltzaile lanetan gogoratu du.
Bestalde, Emekiko kideek eta Larrartek aurreratu dutenez, Petra Lekuonaren errezeta liburuaren proiektu berria garatzen ari da Arma Plaza fundazioa. Liburu originalari balioa eransteko errezetak prestatu, argazkiak egin eta beste elementu batzuk gehitzen ari zaizkio hasierako argitalpenari. Aurrerago emango dituztela xehetasunak gaineratu dute.
Bi aldaketak biharko osoko-bilkuran onartuko dituztela iragarri dute. Eta pixkanaka, emakumeen presentzia kale izendeagian areagotzen joango direla ziur agertu dira.