[Elkarrizketa] «Israelek ez du kirola gustuko; haien irudia garbitzeko parte hartzen dute»
Hondarribian bizi den tolosarra Palestinaren aldeko Al-Quds Jerusalem elkarteko kidea da. Israelen parte hartzearen aurka protesta egin zuen Itzulian, hura isilarazten saiatu ziren arren. Urtean bitan bidaiatu ohi zuen Palestinara.
Israel Start-Up Nation txirrindulari taldearen aurkako eta Palestinaren aldeko protesta egin zenuen Itzulia Hondarribian izandako bi egunetan. Zergatik?
Erregimen israeldarrari politika interesatzen zaio gehiago kirol ekitaldiak baino. Israelek ez du kirola gustuko. Haien irudia garbitzeko parte hartzen dute halako probetan; arrazista, kriminal eta apartheid irudia zuritzeko, hain zuzen. Munduan oraindik ez da herrialde bakar bat bera ere posizionatu Palestina eta Israel banatzen dituen hormaren eraikuntzaren aurka. Begiak estaltzeko adina hipokritak gara, edo benetan gizaki zentzudun gisa portatzen has gaitezke gatazka honek modu natural eta arruntean finkatzeari utz diezaion?
Ertzainak gerturatu zitzaizkizun azkenean.
Noski, beti bezala. Haiek badakite Israelgo txirrindularitza talde horrek [Israel Start-Up Nation] antipatia sortzen duela edozein lekutan. Ertzaintzak edo dagokion lekuko poliziak protesta horiek estali nahi ditu beti. Lehen egunean, hasieran, pertsona bat gerturatu zitzaidan Palestinako bandera kentzeko eskatuz; ondoren, lau polizia gehiago hurbildu ziren eta beste aldera gurutzatzeko esan zidaten, alegia, inork ni ikusiko ez ninduen aldean jartzeko, eta ezetz esan nien berriro. Azkenean, hor geratu zen. Hurrengo egunean, irteera hondartza inguruan zegoen eta ni belardien inguruan dagoen petrilean igota nengoen Palestinako bandera eta Israel boikot zioen kartel batekin, eta aurreko egunaren antzera, lehenik lau ertzain gerturatu zitzaizkidan eta jaitsi egin behar nintzela esan zidaten, petrila ondasun publikoa zela eta ezin nintzela hor egon. Ezetz esan nien, petrila jendez beteta zegoela eta ea zergatik alde egin behar nuen nik. Orduan tonua igotzen hasi ginen, eta beste zortzi agente agertu ziren. Hamabi ertzainei beste sei gehitu zitzaizkien, hemezortzi denera. Israelen aurka oihukatzen hasi nintzenean inguruko jende guztia txaloka hasi zen. Azkenean agente guztiak sakabanatu egin ziren.
Zer nolako laguntza ematen duzu Palestinan?
Al-Quds Jerusalem elkartearen bitartez materiala bidali edo eramaten dugu ikastetxeetara, mediku zentroetara edota kirolerako ere. Hasieran Bizkaiko Bilabi elkartearekin hasi nintzen lanean, baina Gipuzkoan beste talde baten beharra zegoela iruditu zitzaidan, eta Tolosan sortu genuen azkenean. 1987an urtean behin Palestinara bidaiatzen hasi nintzen, eta 2000an, urtean bitan bidaiatzea erabaki nuen, martxoan eta urrian zehazki, ilarra eta oliben uzta jasotzeko garaiak baitira, hurrenez hurren. Haiek laguntzera joan nahi nuen judutar kolonoek, Israelgo armadako soldaduen laguntzaz, uztak lapurtzen baitizkiete palestinarrei. Jakina, uzta bildu eta prest dagoenean gerturatzen dira. Urrian, olibak lapurtzera hurbiltzen direnean motozerrak eramaten dituzte olibondoak mozteko.
Palestinaren aldeko mugimendurik atzeman duzu Hondarribian?
Kristoren hutsunea dago. Orain dela ia hiru urte hona bizitzera etorri nintzela, eta uharte batean egongo banintz bezala sentitzen naiz.