Constantino Virto Olaskoagaren omenezko erakusketa bihartik ikusgai
Pintura, historia, arkitektura eta arrantzaren inguruan egindako lanak dira erakusketan bildutakoak; maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik.
Bihartik maiatzaren 23ra arte bisita dezakete interesdunek Constantino Tino Virto Olaskoagaren erakusketa Arma Plaza informazio gunearen bigarren solairuan. Hondarribiarraren omenezko erakusketa da, eta margoa, historia, arkitektura eta arrantzaren inguruan egindako artelanak, objektuak eta idatziak bildu dituzte bertan.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Maite eta Isabel Virto omenduaren alabek burutu dute aurkezpena gaur goizean. Haren figura goraipatu dute, eta Sagarzazuk gogoratu duenez, “jakitura handiko gizona, presizio maila oso garatukoa, alor oso ezberdinetan aritu zen”. Horrez gain, Virtoren Arrantzaleak izenpeko argitalpena fundazioak plazaratutako lehenengoa izan zela aipatu nahi izan du agintariak.
Virtoren alabak, bere aldetik, Arma Plaza Fundazioarekin, udalarekin eta Iosu Alvarez sozialisten bozeramailearekin eskertuta agertu dira. “Guretzat, aitaren lanak etxean betidanik ikusi izan ditugu, baina hemen dagoen guztia ikusita ohartzen gara zenbat eta zenbat lan egin zuen”.
Erakusketa egunero bisita daiteke, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara.