CAF-Elhuyar zientzia kazetaritza saria jaso du Iñaki Sanz-Azkuek
Iazko martxo bukaeran argitaratutako 'Etxeko leihoak naturaren behatoki' artikulua medio jaso du saria Sanz-Azkuek. 2019an kategoria berberan saritu zuten.
Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia) egindako ekitaldian jaso zuen atzokoan Iñaki Sanz-Azkue biologoak CAF-Elhuyar saria. Zehazki, zientza kazetaritza arloan Etxeko leihoak naturaren behatoki lanarengatik saritu zuten Hondarribian egokitutako hernaniarra. Iazko martxo bukaeran, itxialdi bete-betean, argitaratu zuten Gaur8 astekariak eta Naiz hedabide digitalak Sanz-Azkuek idatzitako lana.
“Gaurkotasun beteko” artikulua dela iritzi diote epaimahaikideek, batetik, eta “behaketan eta kontenplazioan oinarrituta egilearen ikuspegi pertsonala” azaltzen duela argudiatu dute, bestetik. Horrek guztiak “originaltasuna” ematen diola testuari erantsi dute.
“Denok konfinatuta eta etxeko leihotik begira geundenean idatzi nuen artikulua, pandemiaren erdian”, azaldu du Sanz-Azkuek bere aldetik, “hausnarketarako gai asko ekarri ditu pandemiak, besteak beste: zientzia-dibulgazioaren ezinbestekotasuna. Zientziaren eta gizartearen lotura horretan, ezinbesteko aldagai bihurtu da”. Ildo horretan, gizarteak artikulu zientifikoetako ondorioak uler ditzan, “mezu garbiak eta zuzenak behar ditugu, euskaraz egiten direnak”, gaineratu du.
Azkenik, biodibertsitatearen inguruan hausnarketa bultzatzea ezinbestekoa jo du biologoak: “Datozen pandemiei aurre egiteko, biodibertsitatea izango da horma nagusia. Biodibertsitatea hitz larritan txertatu beharko genuke gizarte honetan”.
2019. urtean Argia-n argitaratutako Hegaztiak, erleak, zomorroak… Sagastien zaindari txikiak lanarengatik ere jaso zuen CAF-Elhuyar saria hernaniarrak.