Gizarte laguntzetara 1,3 milioi euro bideratuko ditu udalak aurten
Gizarte larrialdietarako laguntzen eta laguntza berezien artean 1.398.507 euroko aurrekontua du udalak. Laguntzen bilakaera aztertuko duela hitz eman du udalak, eta gehiago behar izanez gero, programa indartuko duela.
Tokiko Gobernu Batzarrak berriki onartu du gizarte larrialdietarako laguntza eta laguntza berezien 2021eko aurrekontua. «Herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko» asmoz, aurten, 1,3 milioi euro aktibatu dituzte.
«Iaz aurrekontua indartu genuen, pandemiaren ondoriozko beharrak arintzen saiatzeko, alarma egoera indarrean jarri zenetik oso presente izan dugun oinarrizko premisa baten arabera, betiere: gizarte arreta mantentzea kolektibo zaurgarrienak eta laguntza ekonomikoen kudeaketa lehenetsita. Aurten, krisiaren ondorioak ikusirik, ezin genuen gutxiago egin», esan du David Nuño Gizarte Ongizate saileko ordezkariak.
Hala, hasiera batean 1.256.507 euro bideratu dituzte gizarte larrialdietarako laguntzen aurrekonturako. Laguntza horiek jaurlaritzak finantzatu eta udalak kudeatuko ditu, baina udaletik nabarmendu dute azken urteetan Gizarte Ongizate sailak udal funtsekin osatu behar izan dutela programa, jaurlaritzak jarritako zenbatekoa urtea amaitu baino lehen agortzen baita. Horregatik, aurten udal funtsetako 135.000 euro sartu dituzte urte hasieratik.
Iaz, hiriko 665 familiek jaso zuten laguntza, eta Gizarte Ongizate sailak 1.419 laguntza kudeatu zituen.
Laguntza bereziak
Laguntza bereziei dagokionez, udalak gogoratu du hark finantzatzen dituela guztiz, «gizarte laguntzen bidez edo diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez konpon ezin daitezkeen beharrei aurre egiteko». Bada, Tokiko Gobernu Batzarrak 142.000 euroko aurrekontua onetsi zuen 2021erako, hau da, iazko kopuruaren antzekoa. 2020an, 289 familiek jaso zituzten laguntza bereziak.
Gizarte larrialdietarako laguntzen eta laguntza berezien artean, 1.398.507 euroko aurrekontua du eskuragarri udalak. Hilabetez hilabete laguntzen bilakaera aztertuko dutela hitz eman du Nuñok, eta gehiago behar izanez gero, udalak baduela gaitasuna programa horiek indartzeko.
Bi laguntza mota hauei pandemiaren ondoriozkoa den beste bat ere gehitu behar zaiela nabarmendu du udalak. Kontziliaziorako laguntza osagarriak ere emango dituzte aurten, iaz bereziki udalekuak bertan behera geratu ondoren haurrentzako beste jarduera batzuk bilatu behar izan zituzten gurasoei bideratutako horiek. Aurten ere 75-200 euro arteko laguntzak emango dituzte, bizikidetza unitateko. Deialdi honetarako 100.000 euro ditu udalak.