[Bideoa eta galeria] Sokak askatu arte
Irundik iritsi zen atzo iluntzean Kutxa Bira Hondarribira; genero berdintasunaren aldarria gehitu zioten egitasmoari.
(Genero) Mugak gaindituz, jalgi hadi plazara! lelopean geldialdia egin zuen atzo iluntzean Kutxa Birak Hondarribian. Irundik ekarri zuten kutxa AEKko eta Irungo Harrera Sareko kideek. Hamarnaka lagun bildu ziren Kasino Zaharrean kutxari harrera egiteko eta ongietorririk beroena emateko.
Hala, Kutxa Birak bere baitan gordetzen duen Amets Arzallusen olerkia irakurri zuten bertan bildutakoek. Ondoren, herriko emakume gazte talde batek performance bat eskaini zuen, emakumeak lotzen dituzten soka edo kateak esparru ezberdinetan irudikatuz. Sokak askatuta, lotzen zituen mahaia irauli zuten gazteek.
Azkenik, mahaiaren azpialdean gordetako idatzia jaso zuten parte hartzaileek. Euskara, Euskal Herria eta berdintasuna aldarrikatuz Kutxa Biran sartu zuten dokumentua eta Jaizkibel aldera eraman zuten. Oarsoaldean egongo da datozen egunotan kutxa.
Ondokoa da ekitaldiak utzitako bideoa eta irudi sorta: