[Galeria] Eskualdeko kale garbitzaileek aldarrikapenez bete dute San Juan plaza
Azken urteetan langileen lan baldintzak zeharo okertu direla salatu dute, FCC enpresan «prekarietate egoera ugari» daudela. Txinzer presionatzen jarraitzeko asmoa dute.
Atzo (hilak 15) Hondarribia eta Irungo kale garbitzaileek euren aldarrikapenak San Juan plazara eraman zituzten. Dozenaka langile bildu ziren arratsaldean udaletxearen parean, Kontziliaketa erreala orain, lanaldi partziala prekarioa da lemapean.
Azken urteetan langileen lan baldintzak zeharo okertzen joan direla azaldu zuten atzoko mobilizazioan sindikatuetako ordezkariak, eta udako oporraldietan jasango dituzten aldaketak izan dira «urak gainezka egiteko falta zen tanta». Uztaila eta abuztuan hartu ohi izan dituzte opor horiek, baina orain, «modu unilateralean» hainbat hilabetetan banatu nahi dizkiete.
Txingudiko Mankomunitateak azpikontratatuko FCC Medio Ambiente enpresan «prekarietate egoera ugari» daudela ere salatu zuten atzokoan, eta maiz aukeraketa hori «nahieran» egin ohi izan dela. Kontratu hau dutenei gainera, ez dietela ordu estrarik ordaintzen ere salatu dute sindikatuek.
Baina ez da langileen jasan behar izaten duten arazo bakarra. Kategoria aldaketak ere badituztela diote amorruz. Esaterako, kaleak garbitzeko erabiltzen diren auto horien gidariei ez diete ematen gidari kategoria, enpresak 1.600 euro aurrezten dituelako sindikatuen arabera.
Horregatik Txingudiko Zerbitzuak mankomunitatea presionatzen jarraitzeko asmoa dute eskualdeko lan taldea osatzen duten 150 langileek, FCC enpresak aldaketak egin ditzan.