San Migeleko emigrazio eraikina itxura hartzen hasi da
Kanpoaldea birgaitzeko lanak «erritmo onean» doazela esan du Jose Antonio Santano alkateak, eta maiatzerako amaitzea aurreikusi du udalak.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Obra saileko ordezkari Cristina Labordak eta San Migueleko auzo elkarteko buru Maria Jose Barralek emigrazio eraikinaren kanpoaldea bisitatu dute, bertan egiten ari diren birgaitze lanak gertutik ikusteko.
Bertan azaldu dutenez, kanpoaldea birgaitzeko lanak «erritmo onean doaz» eta aste batzuen buruan amaitzea aurreikusi du udalak (maiatzean). «Egindako lanak beharrezkoak ziren, higiezinaren egoera zela eta, eta, orain, barnealdera sartu ahalko gara, eta auzoko eta hiri osoko kolektibo sozialekin batera aurrera eraman dugun partaidetza prozesuaren esparruan zehaztu ditugun erabileretarako egokitu», esan du Santanok.
2019an laga zion Espainiako Estatuak eraikina udalari, eta aurtengo otsailean herritarrek ekarpenak egiteko prozesu bat egin du udalak (EH Bildu taldeak aurkeztutako zuzenketa bati esker), beheko solairuko 500 metro koadro baino gehiagoren erabilera zehazteko. Prozesu honen ondorioz, adinekoentzako gunea lekualdatzea aurreikusi dute, eta auzo elkartearen lokala bertan kokatzea ondorioztatu dute. Horrez gain, haurtxoko bat egokitzea eta erabilera askotariko guneak ere aurreikusi dituzte eraikinean. Hurrengo pausoa beheko solairuaren barnealdea egokitzeko proiektuaren idazketa enkargatzea dela azaldu du alkateak.
Etorkizuneko eraikinak 4.766 metro koadro izango ditu, bi zatitan banatuta: alde batetik 763,75 m2-ko eremu bat, eta, bestetik, 4.004,25 metro koadrokoa.