Irungo 33 etxebizitza desalojatuko dituztela salatu dute
Uztailean amaituko dira alokairu sozialeko 15 urteak Irungo 33 etxebizitzetan. Hainbat plataformek salatu dute askok ezingo dutela mailegurik eskatu, eta hortaz, etxetik aterako dituztela.
Irungo bizilagun ugari kaleratzeko arriskuan daudela salatu berri dute Stop Kaleratxeak, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformek. Haien arabera, datorren uztailean amaituko dira alokairu sozialeko 15 urteak Artigalde S. L. enpresak Irunen dituen babes ofizialeko 33 etxebizitzetan, hortaz, ordutik aurrera prezio tasatuetan erostera behartuta egon daitezke bertan bizi diren familiak. «Badakigu bizilagun askok, beren egoera ekonomikoa dela eta, ezin izango dutela banku mailegurik eskuratu eta, beraz, azkenean beren etxebizitza babestuetatik aterako dituztela».
Bertan bizi diren bizilagunak alokairu sozialeko etxebizitza eskatzaileen zerrendetatik zetozela nabarmendu dute hiru plataformek, hain zuzen «merkatu pribatuko alokairurik ezin zutelako ordaindu».
«Egoera prekarioan dauden familiekiko konpromisoa» eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, familia horiek etxebizitza horietan alokairu babestuko erregimenean bizitzen jarrai dezaten, orain arte bezala. «Ez dugu onartuko Gipuzkoako alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzetako familia zaurgarrien etxegabetzerik, alokairu sozialen epea amaitu ondoren edo enpresa jabeak maizterrek ordaindu ezin dituzten alokairuak merkatuko prezioetan igotzen dituelako. Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa», erantsi dute plataformetako kideek.