COVID-19aren eremu gorrian sartu da Hondarribia
Asteburuan hemezortzi positibo gehiago atzeman ondoren, Hondarribiko 100.000 biztanleko tasa 423ra iritsi da. Irungoa 247koa da.
Asteburuan koronabirusagatik hemezortzi infektatu gehiago atzeman dituzte Hondarribian. Datu horiengatik, eta aurreko egunetan jaso direnengatik herriko 100.000 biztanleko tasa 423koa da (atzoko datua). Beraz, gorrian sartu da Hondarribia 400eko tasa gainditu egin duelako.
Eusko Jaurlaritzak jada ebatzi du, dituen azken datuen arabera, zein udalerriri ezarriko dizkion eremu gorriari dagozkion murrizketak: Hondarribian bihartik (asteartea) izango dira indarrean. Neurri garrantzitsuenak dira udalerriaren itxiera perimetrala, eta ostalaritza establezimenduen barrualdearen ixtea, gosariak emateko (06:30-09:30) eta bazkariak zerbitzatzeko (13:00-16:30) izan ezik; terrazak zabalik mantenduko lirateke.
Irunen, berriz, 46 kutsatu gehiago jaso dituzte asteburuan, eta tasa 247koa da momentuz. Beraz, Oarso Bidasoan eremu gorritik at dagoen udalerri bakarra da Irun (Oarsoaldeko lau herriek 400dik gorako tasa dute).