Aste santu oparoa izan du Oiasso museoak
Azken urteotako aste santuetako datuetatik oso gertu ibili dira aurten. Ia 350 lagun pasatu dira erakusketa, bisita edo tailerretatik.
Oiasso Erromatar Museoak aste santuko balorazioa egin berri du. Positiboki baloratu dute azken bi asteetan museotik pasatu diren bisitarien kopurua, pandemia garaia izan arren, ia aurreko urteetako zenbakietara iritsi baitira.
Datuei erreparatuta, hilaren 8ra bitarte 346 lagunek gozatu dute bertako ondare arkeologikoarekin. Museoko kideen arabera, azken 15 urteetako aste santuetako zenbakietatik oso gertu ibili dira aurten (bataz bestekoa 383 lagunekoa izan da). Irugurutzetarako bisitak ere arrakastatsuak izan dira aurten, 58 lagunek bisitatu dituzte meategiak. Horrez gain, Santa Elena 21 pertsonek bisitatu dute.
Museotik nabarmendu dutenez, pandemia dela eta talde kopuru txikietan elkartu behar izan dira herritarrak, baina herritarren eskaera handiak programa eta ekintzak indartzera behartu ditu.
Bereziki Irungo eta Gipuzkoako bestelako udalerrietako herritarrak pasatu dira aste hauetan museotik, baina Bizkaitik (bisitarien heren bat) ere bisitari asko heldu direla ondorioztatu dute. Arabatik aldiz, bisitarien %16a etorri da.
«Egoera honetan egonik, asebeteta gera gaitezke herritarren erantzunarekin. Bisita gidatuen zein tailerretan txanda guztiak bete ditugu. Kuantitatiboki ez dira erabiltzaile asko, neurriak direla eta, baina argi geratu da bisitariek zer nolako interesa duten», esan dute museoko iturriek.