Plan orokor berriaren parte hartze prozesua zabalduko du udalak
Datorren astearterako finkatu dute lehen saio irekirako hitzordua, Kultur Etxean. Prozesuaren nondik norakoak azaltzen dituen webgune berezia ere abiatu du tokiko administrazioak.
Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berrian herritarren parte hartze prozesuari ekingo dio Hondarribiko Udalak. Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Herritarrekiko Harremanetarako zinegotziak gaur goizean prentsa aurrean azaldu dutenez, saio irekia deitu dute horretarako datorren asteartean (hilak 13) Kultur Etxean, 18:00etan.
Proiektuaren gaineko informazio guztia, faseak, betebeharrekoak, eta aurreko plana indargabetzearen gaineko informazioa biltzen duen webgunea herritarren eskura jarri du udal gobernuak, arduradunek ezagutarazi dutenez. “Prozesua gardentasunez eta zintzotasunez” aurrera eramatea dela helburua zehaztu du Sagarzazuk.
Hori horrela, iazko uztailaren 23ko udalbatzak HAPOaren berridazketa eta herritarren parte hartze prozesua onartu zuenetik, Aurrerapen fasean dihardutela lanean adierazi du Sagarzazuk, “beste erakundeekin etengabeko harremanean” eta dagozkien “txostenak haiei aurkeztuz”.
Hurrengo urratsa: saio irekia
HAPOak osatzeko garaian herritarrei parte hartzeko aukera zabaltzea legeak zehaztutako ezinbesteko baldintza da, Serranok esplikatu duenez. Hortaz, prozesuaren fase guztiak publikoak izateko, eta herritarren informazio eskubidea bermatzeko abiatu dutela webgune berezia erantsi du arduradunak. Gainera, “saio irekiak, tailerrak eta bisita gidatuak” egingo dituztela azaldu du, horien artean lehena datorren asteartekoa. Bertaratzeko asmoa duten herritarrek aldez aurretik izena eman behar dutela ere gogoratu du.
Hala, datorren asteko bileran parte hartzen duten lagunek HAPOaren gaineko informazio lehen eskutik jasotzeko aukera izango dute, baita zalantzak argitzeko parada egin ere. Izan ere, momentuz ez dute ekarpenik jasoko, “hori beste fase bati dagokiolako”.
Prozesuak egindako urratsen gaineko informazioa jasotzeko buletina eta Telegram kanala ere abiatu dutela ezagutarazi du hautetsiak. Halaber, zalantzak argitzeko posta elektronikoa erabil dezakete hondarribiarrek. Parte hartzeko eta informazioa jasotzeko aukera guztiak, bertan.
Aurreikuspenak
Plan orokorraren berridazketak zenbat denbora har dezakeen galdetuta, zaila dela aurreikuspenik egitea onartu du Sagarzazuk kazetarien aurrean. “Fase bakoitzean legeak zehaztutakoa itxoin behar dugu”, esan du. Izan ere, fase guztiak beteta berridatzitako hirugarren plan orokorra izango da udalbatzak bozkatuko duena. 2008tik 2017ra bitartean luzatu zen baliogabetutako HAPOaren onespena.
Azkenik, gainontzeko udal taldeekin harremanetan dagoela gobernu taldea adierazi du alkateak. Lanketa egiteko “borondatea” agertu du, eta beraz, batzordeez harago gainontzeko alderdien proposamenak jasotzea dela helburua bukatu du.