Asun Casasola Ipuin Lehiaketak baditu irabazleak
Sari banaketa ekitaldia hilaren 11n egingo dute Oiasso Erromatar museoko tabernan. Orotara 537 lan aurkeztu dira aurtengo ediziorako.
Parean elkarteak aurtengo Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren irabazleen berri eman du gaur, Martxoaren 8an. Sari banaketa hilaren 11n egingo dute, Oiasso Museoko tabernan (19:00). COVID-19agatik aforo muga izango da ekitaldian, beraz, han egon nahi dutenek asistentziaren berri eman behar dute posta elektroniko mezu bat bidaliz.
Helduen kategorian, Saioa Varela Crespo oñatiarrak irabazi du euskarazko atalean Azken erabakia lanarekin; gaztelaniazkoan, berriz, Miguel Paz Cabanas izan da garaile (Leon, Espainia) izenbururik gabeko lanarekin. Gazteen kategorian euskarazko saria Oihana Fernandez de Larrinoa Ibarbiarentzat (Alkiza) izan da, Udazkenerokoak ipuinagatik; gaztelaniazko atalean Colombiara, Calira joan da lehen saria Maria Jose Garcia Florezek egin duen El refugio de la Grecia antigua sorkuntzarekin.
Antolatzaileek zehaztu dute aurten orotara 537 lan aurkeztu direla sariketara, Libreak ez ausartak lelopean egin dena. Egin diren sei edizioetatik parte hartze handiena izan du aurtengoak. Parean elkartekoek bereziki nabarmendu dute gazteen mailetarako jasotakoen kopurua, 110 lan euskarazkorako eta 63 gaztelaniazkorako.
Izan ere, aurten ikastetxe askok bat egin dute lehiaketarekin, euren curriculum helburuetan txertatu dutela nabari da. Adibidez, Irungo Dunboako eta Toki Alaiko ikasleek parte hartu dute aurten, baita Orereta Ikastolako, Bizarain BHIko, Lezo Institutuko ikasleek ere Oarsoaldeari dagokionez. Donostiako Koldo Mitxelena edo Mendiola ikastetxeetako ordezkaritza ere izan da ipuinetan, Azkoitiko Xabier Munibe ikastetxekoa bezala.
Sari banaketa
Esan bezala, sari banaketa ekitaldia hilaren 11n egingo da Oiassoko tabernan. Helduen kategoriako irabazleek 300na euroko saria jasoko dute, eta gazteen mailetakoek 100ekoa. Iruñeako Katakrak liburu dendaren laguntzagatik, 50 euroko opari-bonuak emango dituzte.
Sari emate ekitaldian Bidasoko kazetariek irakurriko dituzte irabazleen testuak. Ander Arzak, Aitziber Zapirain, Marialui Garcia eta Maria Jose Atienza izango dira horren arduradun. Maite Elizondok arpa musikarekin girotuko ditu irakurraldiak. Epaimahaiko kideak eta irabazleak han izango dira, baita Asun Casasola bera ere.
Ekitaldia streaming bidez emango dute, eta hurrengo egunean osotasunean ikusteko aukera izango da ipuin lehiaketaren webgunean.