[Elkarrizketa] «Bakarrik egon gara. Udal batek mozio baten bitartez gu laguntzea pentsaezina zen garai hartan»
Estatu terrorismoaren biktima izaera aitortzeko borrokan ari dira Belen Zabala eta Peio Mindegia. Josu Zabalaren iloba da lehena, eta bitan poliziaren biktima izandakoa bigarrena. 40 urtean euren kontaketa eraiki ezin izana deitoratu dute.
Estatuaren indarkeria pairatu duzue biek, zuen azalean edo oso-oso gertutik. Zein da zuen bizipena?
BELEN ZABALA: Ni Belen Zabala naiz, Josu Zabalaren iloba helduena. 15 urte neuzkan, eta jaietan lehen aldiz ateratzen utzi zidaten egun hartan. Alarde eguna zen eta goiz-goizetik herria poliziaz josi zuten. Alardea bukatuta manifestazio bat egin zuten. Gogoratzen dut nola herriko jendeak gaztetxoenak hartu gintuzten eta hondartza aldera eraman. Andre batek esan zigun etxera deitzeko, gurasoei ondo ginela esateko. Orduantxe esan zidan amak etxera korrika joateko. 1976ko irailaren 8a zen.
Zer gertatu zen?
B. Z. : Guardia Zibila manifestazioa desegitera sartu zen, eta oso bortizki oldartu zen manifestarien aurka. Nire osaba Maite tabernaren terrazako mahaien artean ihes egiten saiatu zen, baina Txantxangorriko kale zuloan sartu zenean bizkarrean tirokatu zuten. Istantean hil zen.
Familiarentzat mugarri izan zen osabari gertatutakoa, eta senideen artean pertsona borrokalariak egon arren, nire lehengusu gazteenek gertatu zenaren oroitzapen lausoa dute. Niri zuzenean egokitu zitzaidan gertatutakoa bizitzea.
Peio, zure kasuan, estatu terrorismoaren biktima bikoitza zara.
PEIO MINDEGIA: Niretzako 1982 eta 1983 annus horribilis izan ziren. Bederatzi egunez torturatu ninduten, baina, aurretik, nire emaztea, koinatua eta amaginarreba atxilotu zituen poliziak. Informazioa lortzeko egun batez atxilotu eta torturatu zituzten, eta gero nire bila etorri ziren.
Kontua da nire aitaginarrebak 1980an Iparraldera ihes egin behar izan zuela ETAko kolaboratzailea zelako, eta 1982an gure bila etorri ziren. Bahiketa bat izan zela ziur nago, ez dut uste baimen judizialik zutenik. Lehenik Gasteizera eraman ninduten, eta Gure Aita otoi egiteko agindu zidaten. Ez nintzenez oroitzen ostiko bat jo eta fisura bat egin zidaten. ETAkidea nintzela esaten zidaten, behin eta berriz, eta nik EMKkoa [Euskadiko Mugimendu Komunista] nintzela erantzuten nien. Madrilera eraman ninduten orduan, eta bederatzi egunez torturatu ninduten; militar kasko bat buruan jarri eta beisbol makil batekin jotzen ninduten etengabe. ETArekin kolaboratzeaz akusatuta Carabanchelgo [Madril, Espainia] espetxean bukatu nuen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak lortutako 100.000 pezetei esker atera nintzen. Epaitua izan nintzenean, ezin izan zidaten errudun deklaratu, judizialki, senide bati ihes egiten laguntzeko eskubidea duzulako, ez delitu bat egiten laguntzeko, ihes egiteko baizik. Eta hori zen, hain zuzen, nire aitaginarrebarekin egin nuena. Judizialki laguntza ematea kontsideratzen da. Absolbitu ninduten baina torturapean igarotako bederatzi egunak barruan geratu zitzaizkidan betirako.
Ondoren begia galdu zenuen.
P. M. : Bai, Pasaian afaltzen ari ginen eta Madalenak ziren. Julen Elgorriaga, garaiko gobernadore zibila, Oreretako udaletxeko balkoira Espainiako bandera igotzearen beldur zen arrautzak bota behar zizkiotela uste zuelako. Udaletxeko arkupeak kalez jantzitako poliziaz josi zituen, eta Zentenarioa hasi zenean oso modu bortitzean kolpeka hasi ziren. Erotuta egon behar zuen Elgorriagak jai batzuen erdian poliziari halako agindua emateko.
Afalondoan barrikadetara joan ginen zuzenean, Oreretara. Tiro egin zidan poliziak hiruzpalau metroko distantziatik zuzenean nire aurpegira egin zuen. Ke potoak ez zituzten jendearen aurpegira botatzen, airera baizik.
Beste begia 4 urte nituenean galdu nuen, Errenterian ere. Alkandorako botoi bat kentzen saiatzen ari nintzen guraizeak eskapo egin eta begira sartu nituenean. 27 urterekin bestea lehertu zidan poliziak. Egia esan, Josurekin [Zabala] antzekotasun ugari dauzkat: jaiak zirela, hiltzera tiro egin zidatela, eta Laminaciones de Lesakan [Nafarroa] lan egiten genuela.
Gertatutakoaren gaineko epaiketa edo aitortzarik lortu al duzue?
B. Z. : Gure kasuan, Peiok [Mindegia] bezala, gertatutakoaren gaineko dokumentazio ugari dugu: komunikabideetan atera zen, instituzioek, patronalak eta elizak adierazpenak kaleratu zituzten… Azkenean, autopsia militarrek egin zuten. Senideok eta mediku zibilek ez genuen inolaz ere parte hartzeko aukerarik eduki, beraz ez dakigu oso ondo non edo nola garatu zen. Dakigun gauza bakarra da, autopsiaren arabera, peritoneoaren zulatzeagatik hil zela Josu. Autopsia txostenak, beraz, heriotza naturaltzat jo zuen, nahiz eta bala zorroaren sarrera eta irteera zuloak begien bistan egon.
Denborak aurrera egin ahala, hala ere, aitak jakin zuen tiro egin zuen guardia zibila auzitegi militar batean epaitu zutela. Ez dugu horren gaineko dokumentaziorik, baina 1978ko amnistiarekin aske geratu zela ezagutu genuen. Izan ere, dokumentuek zioten Hondarribiko jaietan izandako gertakariengatik amnistiatzen zutela, eta orduantxe lortu genituen bere izen-abizenak.
Guk dokumentazio guztia artxibatu genuen. Horri esker, polizia gehiegikerien biktimak aitortzeko bigarren deialdia zabaldu zuenean Eusko Jaurlaritzak dokumentazio guztia aurkeztu genuen, baina oso gogorra izan zen. Gu epaitzen ari zirela zirudien; errugabeak ginela demostratu behar izan genuen.
P. M. : Hamarkada oso baten ondoren lortu nuen demostratzea polizia indarren biktima izan nintzela. 1983tik 1993ra Auzitegi Nazionalaren eta Auzitegi Gorenaren aurka borrokatu behar izan nuen, eta azkenean, arrazoia eman zidaten. Hala ere, estatuko abokatuak indemnizazioa jaso ez nezan eskatu zuen. Torturagatik, bestalde, deus ez, inork ezin baitu demostratu torturatu dutenik. Paco Etxeberriak dagoeneko 4.000 torturatu identifikatu ditu. Hark esan zidan, nire kasuan, biktima bikoitza naizela.
Egiari Zor fundazioak udaletan bultzatutako mozioa aitortze prozesuan lagungarria dela uste duzue?
P. M. : Nik faltan botatzen dut ez dugula eduki Covitek eta beste elkarteek izan duten gaitasuna gure kontakizuna eraikitzeko. Orain arte, adibidez, unibertsitate bakar batek ez du estatu terrorismoaren gaineko ikerketa zientifikorik egin. Inor ez da ausartu. Garai hartan, ETAren jarduera handia zen, eta biktima ginenontzat oso zaila zen burua altxatzea, bakarrik ginen.
Ni, adibidez, begia salbatzeko saiakeran Moskura joan nintzen, inongo laguntzarik gabe, Madrilgo epaitegietan biktima aitortza jasotzeko borrokan inork lagundu ez zidan bezala. Beti bakarrik egon gara. Udal batek mozio baten bitartez gu laguntzea pentsaezina zen garai hartan. 40 urte igarota, badirudi, pixkanaka gure kontakizuna azaleratzen eta eraikitzen ari garela.
B. Z. : Soilik batzuei eman zaie kontakizuna eraikitzeko aukera. Onen eta gaiztoen diskurtsotik harago, gertatutako guztia, bizi izan dugun historia, zerbaitengatik bizi dugu. Eta guretzako ezinbestekoa da hori ikusaraztea eta errekonozitzea. Ahizpak esan zidan orain gutxi: ‘Kontakizuna egin behar dutenak hiltzen direnenean, historia, memoria historiko bihurtzen da’. Eta dagoeneko, kontaketa egin behar dutenak faltatzen hasi dira.