2021eko aurrekontuan «irundarrei laguntzeko dauden baliabide guztiak aprobetxatzeko» proposatu du EAJk
Udala aldundiak baimendutako defizitaren zati bat (2,9 milioi euro) erabili gabe uzten ari dela salatu dute. Horregatik, erabili gabeko defizitik horren ahalmenarekin finantzatuko diren 63 zuzenketa aurkeztu dituzte jeltzaleek.
Irungo EAJ taldeko Xabier Iridoy eta Jose Corchonek agerraldia eskaini dute gaur batzokian. Bertan, 2021ko udal aurrekontuen gainean aritu dira, eta zenbait zuzenketa aurkeztu dituztela jakinarazi dute.
Lehenik, aurrekontua administrazio publikoentzat «ezinbestekoa» dela nabarmendu nahi izan du Iridoyk, «politika publikoak antolatzeko tresna nagusia baita» jeltzaleen ahotan. Zentzu horretan esan du urte asko daramatzala udalak «aurrekontu publiko oso mugatuekin», baina aurten arau esparru berri bat dutela, eta hori aprobetxatzeko premia nabarmendu du bozeramaileak. «Baimenduta dugun gastu eta inbertsio ahalmen guztia erabili behar du udalak. Are gehiago aurrekontu honek, Irunen orainean eta etorkizunean eragina izan dezakeenean».
Pandemiak eragindako egoeraren aurrean, herritarren oinarrizko premiei erantzuteko eta bertako familiei laguntzeko garaia dela esan dute, «egoera honetatik are batuago irteteko». Horregatik, EAJko kideek uste dute udalak eskura dituen baliabide guztiak mobilizatu behar dituela, funtsean, «publikoaren garai dela».«Ez dugu uste erdizka geratu behar dugunik, gure ahalegin eta ahalbide guztiak martxan jarri behar ditugu», erantsi du.
Udal gobernuaren aurrekontu proiektua aztertu ondoren, jeltzaleek ikusi dute aldundiak baimendutako defizitaren zati bat (2,9 milioi euro zehazki) erabili gabe uzten ari dela udala. Horregatik, erabili gabeko defizitik horren ahalmenarekin finantzatuko diren 63 zuzenketa aurkeztu ditu EAJ taldeak. Finean, udal gobernuak aurkeztutako proiektua 3 milioi eurotan osatzea proposatu dute. «Udalari baimentzen zaizkion baliabide guztiak aktibatzeaz ari gara, gehien behar dutenei laguntza gehiago eta hobeak eskaintzeko, hori baita une honetan garrantzitsuena», erantsi dute gaurko agerraldian.
EAJren planteamenduak udalari ez diola zorpetze berririk ekarriko nabarmendu dute, izan ere, proposatutako gehikuntza orain dela egun batzuk udalak kobratu dituen 2,6 milioi euroko foru funtsaren likidazioak betetzen du, jeltzaleen ahotan.
Hala, honako inbertsioak jaso dituzte aurkeztutako zuzenketa horietan: 750.000 euro Irun Aurrera planerako; 400.000 euro gizarte ongizatea hobetzeko; 1.300.000 euro etorkizuneko inbertsioak egiteko (aparkalekuak, etxebizitzak, kirol instalakuntzak…); 70.000 euskaren sustapenerako; 80.000 euro hezkuntza eta gazteriarako; 70.000 euro berdintasunerako; 210.000 euro kirolerako eta 120,000 kulturaren alorrerako.