Aurrekontuen azken aurkezpena burutu du udal gobernu taldeak
Udal administraziora eta herri segurtasunera bideratutako diru sailaren berri eman dute gaur goizean Altunak eta Sagarzazuk. Aurrekontuekin lotutako azken prentsaurrekoa izan da gaurkoa.
Hondarribiko Udal gobernu taldeko Txomin Sagarzazu alkateak eta Juan Mari Altuna zinegotziak 2021. urteko aurrekontuen azken aurkezpena egin dute gaur goizean. Herri segurtasunari eta udal langileen soldatei dagokien aurrekontua ostiralean aurkeztekoak ziren arren, gaur arte atzeratu dute azkenean.
Hori horrela, udal administrazioko giza baliabideetara 7.659.000 euro bideratuko dituztela zehaztu du Altunak agerraldian. Denera, erantsi duenez, 139 udal langile daude Hondarribian. «Denak ez dira finkoak», onartu du arduradunak, «behin-behinekotasuna existitzen da, baina lege aldetik udalak ezin du nahi adina lanpostu argitaratu, arazo estruktural bat dugula jakinda ere». Herri segurtasunari dagokionez, 3.338.000 euroko diru-saila prestatu duela udal gobernuak ere azaldu dute udal hautetsiak. Trafikoa, mantenua, udaltzainen soldatak… barneratzen ditu diru partidak.
Altunak egindako «esfortzua» eskertu nahi izan die, aldi berean, udal langileei: «Badakigu batzuetan ez garela iristen, baina ezinezkoa delako.. Ez da aitzakia, azalpena baizik». Izan ere, Espainiako Estatuko gobernua, Eusko Jaurlaritza, edo Gipuzkoako Foru Aldundia izan ditu hizpide udal ordezkariak, «haiek ez badira iristen, nola iritsi behar gara gu administrazio txikiagoa eta gertukoena baldin bagara?».
Gaur goizeko prentsaurrekoarekin bukatutzat du Hondarribiko udal gobernuak 2021eko aurrekontuen aurkezpena. Informazio gehiagorako udalak abiatutako webgune berezira jo dezakete interesdunek.