Osasun egoera «kezkagarritzat» jo du Txomin Sagarzazu alkateak
Eremu gorritik atera arren, jende pilaketak saihestera deitu ditu herritarrak. Oraingoz, eremu gorrira berriro itzultzeko arriskua dagoela nabarmendu du.
Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkateak osasun egoera baloratu du gaur goizean, 2021. urteko aurrekontuen laugarren aurkezpen saioaren ondoren. Hondarribia eremu gorritik laranjara igaro arren, jende pilaketak saihestera deitu ditu herritarrak.
Zentzu horretan, Hondarribiak atzokoan 476ko kutsatze tasa zuela gogoratu du agintariak. 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa metatua dela hori azaldu du. Areago, «kontuak aterata, Hondarribian 85 positibo aktibo behar dira tasa horretara heltzeko. Atzoko datuak onak ziren, baina 81 positibo ziren».
Hori horrela, kezka agertu du alkateak, bereziki, atzemandako «positibo gehienak 0 eta 18 urte arteko gazteen artean» eman direlako. Haren ustetan, ume eta gazteen kutsatzeak familiengan, etxeko gainontzekoengan hain zuzen, eragina izan dezake, eta beraz, tasak berriro gora egiteko arriskuaren gaineko kezka agerian utzi du. «Gure burua eta besteena zaintzen jarraitu behar dugula esan nahi du horrek», bukatu du.