2021. urteko aurrekontuaren hirugarren aurkezpena egin du udal gobernuak
Sei milioi eurotik gora bideratuko ditu udalak mugikortasun, ingurumen, hirigintza eta mantenu lanetara, gaur zehaztu dutenez.
Hondarribiko Udaleko Txomin Sagarzazu alkateak, Juan Luis Silanes eta Gonzalo Carrion zinegotziekin batera, 2021. urteko udal aurrekontuaren hirugarren aurkezpena egin dute gaur goizean, prentsa aurrean egindako agerraldian. Mugikortasuna, ingurumena, hirigintza eta mantenu lanak izan dituzte hautetsiek hizpide, eta 6.717.000 milioi euroko diru saila aurreikusi dutela zehaztu dute.
COVID-19 gaitzak eragindako izurriak udal aurrekontuetan eragina ere izan duela esanez hartu du hitza lehenbizi Sagarzazuk. «Mugikortasun arloan, hainbat proiektu egiterakoan eragina izan dute, pandemiari aurre egiteko pertsonak eta baliabideak erabili baititugu, eta ondorioz beste zenbait zeregin aldatu egin baitzaizkigu». Era berean, HAPOaren aurkako epaiak ere eragina izan duela onartu du agintariak.
Silanesek bere aldetik nabarmendu duenez, Mugikortasun sailetik ikastetxeen inguruak lantzen jarraituko dute. Bitoriano Juaristi kaleko proiektua amaitu, Talaia ikastetxe inguruko auzoa berrantolatuko duen proiektua landu, eta Portu auzoko abiadura orduko 30 kilometrora murrizteko egitasmoa ere garatuko dutela zehaztu du zinegotziak. «Mugikortasuna gai klabea da udalarentzat», erantsi du. Horrez gain, Baserritar etorbidea, Bidasoa ibilbidea, eta Kosta kalea asfaltatuko dituztela ezagutarazi du.
Ingurumenari dagokionez, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, bertako basoa berreskuratzeko ahalegina egingo dutela baieztatu du zinegotziak. Cladium Mariscus hezegunearen kontrola, apo lasterkariaren kontserbazioa, eta Arriestuetako iturriaren lehengoratzea ere aipatu ditu. Baserritar produktuen azokari irudi berri ere eman nahi diola udalak gaineratu du.
Hirigintza eta mantenua
Carrion hirigintza eta bide publikoen zein udal altzarien mantenuaz aritu da bereziki. Helarazitako datuen arabera, «hirigintza eta etxebizitzaren administrazio orokorrerako 1.163.000 euroko aurrekontua dugu; eta kaleak eta bide publikoak garbitzeko 1.077.000 euro bideratzea aurreikusi dugu».
Ondare historikoaren kudeaketarako, bestalde, 686.000 euroko diru-saila aurreikusi dute Alde Zaharreko eta Harresietako planak garatzen jarraitzeko. Aurten, gainera, San Nikolas zubia berritzeko 370.000 euro erabiliko dituztela ere adierazi du. Azkenik, Carironek nabarmendu duenez, argiteria LED bonbillekin berritzeko 696.000 euroko inbertsioa egingo dute fakturek «behera» egingo dutela argudiatuta.
2021. urteko udal aurrekontuaren informazio guztia ondoko webgune berezian bildu du udalak.