Higer Bideko trafikoa zati batean moztuko dute astelehenetik
Higer Bideko 19. zenbakiaren eta farolaren artean bizi diren bizilagunei eragingo die mozketak. Uholdeak prebenitzeko proiektuaren bigarren fasearen baitan kokatuta daude lanak.
Datorren astelehenetik aurrera trafiko aldaketak izango dira Higer Bidearen zati batean. Aiton Andiyenea (Higer Bidea, 19) jabetzatik Higer itsasargirainoko bidean bizi direnei eragingo die bereziki mozketak. Izan ere, tarte horretan bizi direnek kai berrian kokatutako Pierre Lhande kalea erabili beharko dute igotzeko, Gonzalo Carrion Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi duenez.
Segurtasuna bermatze aldera norabide bakarrekoa izateko egokitu dutela bidea azaldu du hautetsiak. Izan ere, «obrak direla eta, puntu horretatik aurrera semaforo bidez arautzen da trafikoa, baina arazoak sortzen dira trafiko alternatiboa dagoen gunean, eremu horretan etxebizitzak daudelako eta bizilagunek ezin dutelako jakin etxetik ateratzen direnean semaforoa gorri edo berde dagoen».
Iazko martxotik Higer Bidean aurrera eramaten ari diren lanak uholdeak prebenitzeko egitasmoaren baitan kokatuta daude. Txingudiko Zerbitzuak-ek eta URA Uraren Euskal Agentziak finantzatu dute proiektua.