[Erreportajea] Altxorraren kutxa erraldoia
Gipuzkoako ondare historikoaren biltegi nagusia Irunen dago, Belaskoenea auzoko Gordailuan. 70.000tik gora pieza bildu dituzte 9.000 metro koadrotik gorako eraikinean.
Irungo mapan apur bat miatuz gero, altxor preziatu batekin egingo dute topo herritarrek. 2010etik, Belaskoenea auzoan Gordailua izeneko egundoko eraikina aurki daiteke, Gipuzkoa osoko ondare historikoaren biltegi nagusia. Museo erraldoi bat dirudi barrutik, baina izaera hori ez duen arren, hura bisitatu eta lurraldeko historian zehar paseotxo bat emateko pribilegioa izan du Hitza-k, Xabier Kerexeta etnografia teknikariarekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da Gordailua, eta Kerexetaren arabera, ondare hori «ahalik eta hobekien eta ahalik eta luzeen irauteko» helburuarekin zabaldu zituzten ateak. Orduz geroztik, milaka eta milaka pieza eta bildumaren biltegi bilakatu da. 9.000 metro koadrotik gorako azalerako eraikinean ondare etnografiko, artistiko eta arkeologikoa bildu dute, 70.000tik gora pieza hain zuzen ere.
Alde batetik, aldundiaren jabetzako pieza guztiak jasotzen dituzte Gordailuan, eta bestetik, Donostiako San Telmo museoaren biltegi nagusia ere bada. Finean, Gipuzkoako museo eta bestelakoetan ikusgai ez dagoen hori guztia jasota dago Gordailuan. Horrez gain, bilduma pribatuei ere txoko bat egin diete bertan, esaterako, Menchu Gal artista irundarraren, Nestor Basterretxearen edo Ruiz Balerdiren obrei. «Altxor mota askoren bilgunea da, altxortegi moduko bat», erantsi du teknikariak.
Itxuraz eraikin modernoa da, ikusgarria kanpotik. Kaiola baten antza du Gordailuak, Kerexetak azaldu du arkitektoek efektu hori bilatu zutela. «Gauzak gordetzeko tokia denez kutxa zentzua eman nahi izan zioten, gauzak babesteko toki bat bezala irudikatuz. Beraz, kaiola moduko bat diseinatu zuten».
Eta barrutik, are ikusgarriagoa da, zalantzarik gabe. Dozenaka areto eta zientoka apalek betetzen dute eraikina. Lurra lantzeko gailuak, erdi aroko itsasontzien arrastoak, paleolitikoko elementuak, milaka urteko oihalak, ehunka urteko idatzi eta koadroak… Atzera nahi adina bidaiatzeko aukera ematen du Gordailuak. «Objektu zaharrena duela 350.000 urteko otso baten masailezur bat da. 200.000 urte atzerako Neanderthal emakumezko baten hezur bat ere badugu, edo Ekaingo (Deba) plaketa ere aurki daiteke hemen», erantsi du Kerexetak.
Gordailuko etnografia teknikariak nabarmendu du ez dagoela horrelako eraikin antzekorik Euskal Herrian, ezta Espainiako Estatu osoan ere. «Europan horrelako zentro oso gutxi aurki daitezke, ez dira oso ohikoak. Gisa honetako eraikinak oso sofistikatuak dira, garestiak dira kudeaketa eta mantenua, horregatik kontzentraziora jotzeko joera dago egun».
Garrantzitsua eta berezia dela argi dago, baina Kerexetak aitortu du irundar eta Gipuzkoako herritar askok oraindik ez dakitela Gordailua zer den, «eta etxetik oso hurbil zer nolako altxorra duten».
«Ez da biltegi hutsa»
Biltegi izaera nagusitzen den arren, hortik harago doa Gordailuan lan egiten dutenen eguneroko zeregina. «Gordetzeaz gain piezak kontserbatu egin behar dira, ez bakarrik erakusketetarako, baizik eta kontsulta eta ikerketetarako ere bai». Izan ere, arkeologiaren munduan, beste askotan bezalaxe, iturri garrantzitsu bilakatu da Gordailua ikerlari askorentzat.
Hala, bertako kontserbazio atalak hainbat zeregin ditu. Batetik, bertako objektuen prebentziozko kontserbazioaren jarraipena egiten dute, hau da, baldintza klimatikoen kontrola, bildumen larrialdi plana zein izurriteak osotasunean kudeatzeko koordinazioa. Eta bestetik, zaindutako ondarea zaharberritzen dute, kontserbazio egoera onean ez badago. Horretarako, objektuak garbitu, prestatu, egokitu, kontserbatu edota zaharberritzeko gune bereziak dituzte. Zaharberritzaile hauek «oso espezializatuta» daudela dio Kerexetak, material bakoitzerako aditu bat behar izaten dutela, «lan oso-oso sofistikatua» baita.
Biltegi areto guztiak ezberdinak dira, bertan gordetzen den objektuaren araberako kontserbazio irizpide batzuk jarraitu behar baitituzte adituek. Areto bakoitzak usain berezia du, nabaria, eta areto batetik bestera sumatzen diren tenperatura eta hezetasun maila jauziak ere nabarmenak dira. «Paperak, oihalak, egurra edo larrua ezin dira egoera berdinean mantendu. Airea berriztatzeko egitura dute biltegi guztiek, hautsa eta lurrun toxikoak sortu orduko kanporatzeko», nabarmendu du Kerexetak.
Urte oparoa
2020. urtea ere Gordailuarentzat berezia izan zela aitortu du teknikariak, baina egoerari eusteko gai izan zirela dio. Urtea baikor baloratu dute, mugimendua egon dela ondorioztatu dute urteko balantzean. «Ez gara gelditu. 150 objektu berri jaso ditugu, eta arkeologian, adibidez, 80 aurkikuntza eta indusketa lan jaso ditugu, pandemiagatik indusketa gutxiago egin diren arren. Zorionez urte berezi hori ondo joan da».
2021a ere berezia izaten ari dela aitortu du, baina egoerak baimentzen duen heinean bisita gidatuak eskaintzeko apustua egiten ari dira. Hurrengoa hilaren 12an egingo dute, eta hil amaieran bigarren bat. Hori bai, taldeak kopuru aldetik oso mugatuak izango dira, hiru-lau lagunekoak. «Tokia oso handia da baina hau ez da museo bat, ez da komeni jende asko batera egotea toki batean, objektuen mantenuari begira batez ere. Pandemia aurretik 20 laguneko taldeak zirenean asko ginen», argitu du.
Bisita gidatu horietan parte hartzeko interesa dutenek 943 41 51 78 telefono zenbakira deitu beharko dute. Bestela, webgune honetara jo dezatela.