Tokiko sustapen ekonomikora 1,4 milioi euro bideratuko du udalak
Merkataritza bonuak, eta autonomo zein enpresa txikiei bideratutako diru-laguntzak berriz ere martxan jarriko dituztela ezagutarazi dute Serranok eta Sagarzazuk.
Hondarribiko udal gobernuak tokiko ekonomia sustatzeko aurrekontuaren berri eman dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak. Udaletxeko areto nagusian egin dute agerraldia, eta zagutarazi dutenez, guztira, 1,4 milioi euroko aurrekontua izango du udalak Hondarribiko promozio ekonomikoa bultzatzeko.
Ildo horretan, Serranok azaldu duenez, baserriko produktuen azoka bultzatzeko 62.000 euroko diru-saila aurreikusi dute. Larrialdi egoera bukatzen denerako, bestalde, turismoa erakartzeko helburuarekin, komunikazio kanpaina eta promozioetarako beste 274.000 euro bideratuko dituztela jakinarazi dute. Bertako saltokietan erosteko bonu kanpainaren bigarren fasea ere zabalduko dute 200.000 euroren bidez, eta Bidasoa Bizirik garapen agentziarekin lankidetza bultzatzeko 382.000 euro bideratuko dituzte.
Autonomo eta enpresa txikiei begira, bestalde, Itxeki Hondarribia! diru-laguntza programaren bigarren deialdia zabalduko dute 273.000 euroko diru-partidarekin. Azkenik, ekonomiaren sustapena laguntzeko antolatu daitezken ekintzetarako beste 200.000 euro aurreikusi ditu tokiko gobernuak.
Bukatzeko, datorren osoko-bilkuran okupazio publikoaren tasan hobaria aplikatzea onartuko dutela iragarri du Sagarzazuk.
Aurrekontuen informazio guztia hemen.