«Santano gezurretan ari da EAJren beldur delako»
Asteartean Miguel Angel Paez sozialistak Xabier Iridoy jeltzalearen kontra esandakoak gogor salatu ditu Lander Ugartemendia zinegotziak. «Gezur eta engainu nabarmenez» erantzutea leporatu diote alkateari.
Irungo EAJ taldeko zinegotzi Lander Ugartemendiak agerraldia eskaini du gaur batzokian. Bertan, sozialistek Xabier Iridoy bozeramaile jeltzalearen kontra esandakoak salatu ditu, eta Jose Antonio Santano alkateari gezurretan aritzea leporatu dio.
«Joan den asteartean, gobernu sozialistak berriro ikustarazi zuen, ez dutela kritikarik onartzen hauek guztiz legitimoak izan arren. Oposizioaren proposamen eta kritika eraikitzaileen aurrean, Irun hobetzea beste helbururik ez dutenak, gezur eta engainu nabarmenez erantzun dute. Zer da nahi dutena?», esan du amorruz Ugartemendiak.
Sozialisten adierazpenen mailak ez ditu jeltzalek harritu, «aspalditik ezagutzen baitugu udal gobernu honen izaera». Halere, publikoko egindako adierazpenak ez ditugu onargarritzat jo, «prepotentzia eta agintekeriaren abusua iturri dituen erantzuna» izan zela diote.
Udal goberniak «oposizio otzana» nahi duela erantsi du zinegotziak, «proposamenik eta kritikarik gabekoa». Bestelako taldeen proposamen onak onartu eta indarrak batu beharrean, «faltsukeriak asmatzen» ari direla diote, eta politikan denak ez duela balio esan du Ugartemendiak.
Sozialistek asteartean egindako adierazpenak gogoratu ditu Ugartemendiak. Horren aurrean zinegotziak esan du jeltzaleek aurkeztutako proposamen guztiak aurretik jakinarazitakoak, erregistratutakoak edo erakunde mahaian azaldutakoak izan direla. «Hobetzeko proposamenak eratzea gure DNAn dago. Gure ibilbidea errepasatu besterik ez dago».
Horren adibide ugari eman ditu gaurko agerraldian: Istillagako Emakumeen Etxea Ikust Alaian kokatu beharrean, gobernuak proposatu bezala, Istillagan kokatzea; Bidasoa Irunen barneratzea,«irundarrek behingoz naturaren onura guztiez gozatzeko aukera izan dezaten» edo Irungo merkataritzarako, ostalaritzarako eta kulturarako laguntzak hobetzea.
«Zein handitasun eta nagusitasun puntutaraino irits daiteke bat halako gezurretan aritzeko? Alkateak eta bere gobernuak, urte asko daramatzate boterean ezarrita, eta hain ohitura txarrak dituzte barneratuta, ez direla gai besteen ideia onak onartzeko. Defentsa gisa engainura jotzen duen gobernua da, freskotasunik gabea, agortua eta ideia berririk gabea. Dena EAJri dioten beldurragatik eta Santanoren kontrol ezagatik», erantsi du Ugartemendiak.
Alkatea eta udal gobernua iraganean geratzen badira, «liskar hutsaletan», haien hautua dela diote, eta ez jeltzaleena. Indarrak batzearen aldeko mezua helarazi du amaitzeko Ugartemendiak, «orain inoiz baina gehiago pairatzen ari garen krisi hau gainditzeko». Amaitzeko, udal gobernuari oposizio lanari errespetu demokratikoa izatea eskatu diote, eta ez dutela beste irainik onartuko. «Engainuak eta indarkeriazko erretorikak alde batera utzi eta gure hiriaren alde lan egiteko momentua da. Gezur gutxiago, Irun gehiago».