Eztabaidak alde batera uzteko eskatu dio Paezek Iridoyri
PSE-EE taldeak gogor jo du Xabier Iridoy jeltzalearen kontra, joan den astean Gobernu Programaren gainean EAJ taldeko bozeramaileak egindako kritikaren harira.
Udal gobernu berriak aurkeztutako Gobernu Programa eztabaidatuko dute ostiral honetan talde guztiek osoko bilkuran, eta horren harira joan den ostiralean EAJ taldeko Xabier Iridoyk programa hori «helburu zehatzik gabekoa eta Irunek aurrera egin dezan helburu eta proiektu argirik gabekoa» zela salatu zuen. Bada, gaur bertan, PSE-EE taldeko bozeramaile Miguel Angel Paezek Iridoyri erantzun dio, udaletxean eskainitako agerraldian.
«Kontran doan alderdi bat izatea erabaki zuen aspaldi EAJk. Dena gaizki iruditzen zaie, ez dituzte ekintzak partekatzen, ez zaizkie proiektuak gustatzen, eta beti diote alternatiba egokia dutela… Arazoa da gero ez dutela proposamenik aurkezten. Orain, gainera, ez dute udalbatza aitortzen», esan du amorruz Paezek.
Sozialistek gaineratu dutenez, oposizioko hiru taldeetatik EAJ izan da ostiraleko plenora proposamenik eraman ez duen alderdi bakarra izan. «Komenigarria litzake euren proposamenak plenoan eztabaidatzea, eta ez soilik monologoetan aurkeztea prentsaren aurrean. Politika egiteko modu hori ez da batere baliagarria».
Amaitzeko, Paezek esan du Iridoy «isolatuta eta blokeatuta» dagoela «bere liskar pertsonalekin» eta horrek ez diola uzten oposizio eraikitzaile eta egokia egiten.