Pertsiana itxi beharko du ostalaritzak bihartik
Asteburuan 559ra igo dela pilatutako kutsatze tasa jakinarazi du Osasun Sailak eta beraz, tabernek eta jatetxeek ezingo dute ireki bihartik.
Hondarribiko ostalariek pertsiana itxi beharko dute berriro bihartik aurrera. Osasun Sailak plazaratutako azken datuen arabera, 555,39an kokatu da 100.000 biztanleko pilatutako positiboen tasa Hondarribian asteburuan izandako positiboen zenbaketa eginda. Bihar gaueko 00:00etan sartuko dira indarrean neurri berriak.
Ostiralean gainditu zuen Hondarribiak 500eko langa. Ordutik, 24 positibo berri izan dira –bost ostiralean, bederatzi larunbatean, eta hamar atzokoan–. Ostiraleko datuekin alderatuta, 500,47tik 555,39ra igo da kutsatuen kopurua asteburuan. Transmisioa 1,23an dago egun.
Egoera berrira egokitu beharko dira hondarribiarrak bihartik. Lagungarria izan daitekeelakoan, ondoko argibide sorta eman dute erakunde publikoek:
- Badago salbuespenik udalerritik irteteko edo sartzeko?
Hainbat salbuespen daude, betiere, behar bezala justifikatuta badaude, besteak beste: osasun zentroetara, lanera edo ikastera joateko, ohiko bizilekura itzultzeko, menpekotasun egoeran daudenei laguntza emateko, dokumentazioa berritzeko… Dagokion jarduketaren frogagiria eramateko gomendioa eman dute. - Ostalaritzako zein establezimenduk ireki ditzakete ateak?
Ogia saltzen duten kafetegiek ireki ditzakete ateak, baina eramateko kafea besterik ezingo dute saldu. Jatetxeei eta tabernei dagokienez, eskaerak prestatu ahal izango dituzte lokalean jasotzeko, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte edo etxera eramateko 22:00ak arte. - Zein neurri berri hartu beharko dira kirolean?
Bertan behera geratu da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan, baita eskola kirola ere. Salbuetsita daude profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, eta gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak. Kirol jarduera guztietan ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea. Erabiltzeko betebeharrik ez da izango esparru naturaletan, hirietako aldirietako inguruetan oinezkorik ez denean, igerilekuetan, edota jarduera fisiko intentsua eta lehiaketakoa denetan. - Gipuzkoako beste udalerri batera joan zaitezke jarduera fisikoa aire zabalean egiteko?
Ez, ezin da hori egin
Bertan kontsulta daiteke Osasun Sailak plazaratutako txostena.