«Modu bateratuan mobilizatzen jarraitu behar dugu»
Etenaldi luze baten ostean kaleak hartu ditu berriro mugimenduak. Atzo azken hilabeteotako lehena egin zuten San Juan plazan, ilaran eta distantziak mantenduz.
Etenaldi luze baten ostean, berriro kalea hartu dute Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Ohiko elkarretaratzeak berreskuratzea erabaki dute, «alarma gorriak behartutako parentesiaren ondoren». Atzo (hilak 21), azken hilabeteotako lehena egin zuten San Juan plazan, ilaran eta distantziak mantenduz hamarka lagun elkartu ziren. Denda den, mugimenduko deialdietatik harago, azken asteotan zenbait pentsiodunek biltzea erabaki dute euren kabuz.
«Modu bateratuan mobilizatzen jarraitu behar dugu. Ia hiru urtez egindakoa gai garrantzitsuetan fruituak ematen ari da. Baina, zoritxarrez, pandemiak zaildu egiten du une honetan. Aholku gomendio horietako batzuek argi-ilunak dituzte, eta, beraz, beharrezkoa da egiten den legea argia izatea eta pentsiodunen eskubideak aitortzea. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu Toledoko Itunaren gomendio horiei buruzko hutsune batzuk zuzentzea», esan zuten atzoko mobilizazioan.
Egungo «kolapso ekonomikoan» langabezian dauden emakume eta gazteen eskubideak lehentasuna izan beharko luketela ere ozen esan zuten atzo. «Publikoaren eta guztiona den horren defentsa indartu egin da pandemiaren garaian. Osasun publikoa eta zainketakoa behar dugu, giza baliabide eta baliabide material nahikoak izango dituena, bai eta pentsio publiko indartuak ere, gure etorkizuna bermatuko dutenak, merkatuek ezin baitute hori egin», erantsi zuten.
Espainiako Gobernuari dei egin diete «enplegu duina eta eskubideduna, berrikuntza, ekoizpen sistemaren dibertsifikazioa eta iraunkortasuna defenda ditzaten», erreforma aurrerakoiekin eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta zentzuzkoagoa eginez. «Gobernuan dagoena dagoela, pentsioak defendatu behar dira».
Azken hiru urteotako helburu eta aldarri berberekin atera dira kalera:
- Pentsio sistema publikoaren iraunkortasuna eta kaudimena, banaketa solidarioa eta nahikoa duena, etorkizuna bermatuko duena.
- Pentsioen urteko igoera, legez ezarritako KPIaren arabera.
- Iraunkortasun-faktorea indargabetzea. Bizitza duina bermatzen duten gutxieneko pentsioak 1080 eurokoak izatea.
- Genero arrakalarekin amaitzea pentsioetan.