Udal taldeek adierazpen bateratua egin dute indarkeria matxistaren kontrako egunaren harira

Indarkeria matxista salatzeaz gain, hainbat konpromiso hartu dituzte udal taldeek indarkeria matxistaren kontrako eguna dela eta egindako adierazpen bateratuan.

Emakumeen aurkako indarkeriarik ez
Indarkeria matxista salatzeaz gain, hainbat konpromiso hartu dituzte udal taldeek indarkeria matxistaren kontrako eguna dela eta egindako adierazpen bateratuan. Udalean dauden lau alderdiek idatzi dute, hau da, Abotsanitz, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEk.
 
COVID-19 gaixotasunak eragindako pandemiak, gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri dituela eta pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta komunitate bizitzari erronka handia jarri diola esanez hasi dute erakundeek adierazpena.
 
Krisi testuinguruan indarkeria areagotu egiten dela dute iritzi udaleko alderdiek eta hau, botere harreman desorekatuen eta emakumeen aurkako diskriminazioaren adierazpen bat dela diote.
 
Isolamendua, babesgabetasuna eta ikusezintasuna saihesteko baldintza egokiak sortzeko lanean jarraituko dutela azaldu dute.
 
Indarkeria matxistaren kontra borrokatzen duten emakume eta neskengan arreta jarri behar dela adierazi dute. Beraien hitzetan, “gizartearen aitorpen eta elkartasun osoa merezi dute.”
 
Euskal Herrian aurten hil dituzten lau emakumeak gogoratu nahi izan dituzte. Errealitate mingarritzat jo eta gizarte gisa interpelatu egiten gaituela uste dute udal taldeek.
 
Erakundeei emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bihur dezatela eskatu diete alderdiek.
 
Gizontasun eredu mingarriek eta ahalduntze faltak eragiten dute euren iritziz indarkeria. “Behar beharrezko baldintza” dela diote emakumeak duintasunez eta segurtasunez bizitzea. Horretarako, gure herriak eta hiriak bizikidetza seguru, solidario eta berdinzalerako gune gisa indartu behar direla uste dute.
 
Hondarribiko Udalak honako konpromiso hauek hartzen dituela esan dute:
 
  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.
  • Behaketa hobetzea, indarkeria egoeratan dauden emakumeen forma eta profil  berriak hautemateko eta horien aurrean azkar jarduteko.
  • Indarkeria matxistaren edozein formari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta eta laguntza zerbitzuak mantentzea,hobetzea eta egokitzea, ikuspegi konpontzailearekin, erakunde bakoitzaren eskumenen esparruan.
  • Emakumeen ahalduntzeari, gizontasun eredu berrien lanketari eta gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak bultzatzea, etorkizuneko indarkeria egoerak eragozteko funtsezko tresnak diren aldetik.
  • Hondarribiko emakumeen eta gizonen arteko lehen berdintasun plana bultzatu eta egonkortzea, emakume kolektibo batzuek pairatzen duten zaurgarritasuna areagotzen dituzten desberdintasunen aurka borrokatzeko.
  • COVID-19ren krisiak emakumeen pobretzean eta kalteberatasunean duen eragina aztertzea, laguntza jarduera espezifikoak diseinatu ahal izateko.
  • Genero ikuspegia txertatzea enplegu galerak, diru sarrerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan, zeinak eragin handiagoa izan duten emakumeengan, eta oztopo diren indarkeria matxistako egoeretatik ateratzeko.
  • Erakundeen, udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzea, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jartzeko, beren eskumenen esparruan.

Amaitzeko, herritarrei  mugimendu feministak antolatu dituen “emakumeen aurkako indarkeriari” aurre egiteko mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete.

Komunikatu osoa esteka honetan irakurri daiteke.

 
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.