Astelehenean ekingo diote hogeigarren Ficab jaialdiari
Sei egunez luzatuko dute aurtengoa. Emanaldi gehienak Amaia KZn eta Oiasso museoan izango dira, baina Donostiako Aquariumak eta Tabakalerak ere zenbait jasoko dituzte.
Gaur bertan aurkeztu dute hogeigarren Ficab Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Jaialdia, udaleko ordezkari Junkal Eizagirrek eta jaialdiko zuzendari Aizpea Goenagak. Gaurkoan azaldu dutenez, datorren astelehenetik (hilak 16) larunbatera (hilak 21) luzatuko dute aurtengo ezohiko edizioa.
COVID-19ak eragindako egoeragatik edizio berezia izango dela iragarri dute, neurri zorrotzak hartuko dituztela. «Inoiz ez genuen imajinatuko hogeigarren urteurrenaren edizio biribil honetara egoera honetan iritsiko ginenik. Egokitu eta jaialdia aurrera eraman beharra dago, ditugun mugen barruan eta ezarritako neurriak betez», esan du Eizagirrek.
Jaialdiaren egoitza nagusiak Oiasso Erromatar Museoa eta Amaia Kultur Zentroa izango dira, eta azken urteetan bezalaxe, Donostiako Aquiariumean ere zenbait proiekzio egingo dituzte. Berritasun bezala, aurten Donostiako Tabakalerak ere zenbait ekitaldi jasoko dituela aurreratu dute gaurkoan.
Saio gehienak 17:00etan eta 19:00etan izango dira. Lehenengo saioa astelehenean izango da, 17:00etan. Inaugurazio ekitaldia aldiz, 19:00etan egingo dute, Amaia KZn. Gonbidapenak esteka honetan eskura daitezke.
Jaialdiaren egitarau osoa, hartuko dituzten neurrien gaineko informazioa eta xehetasun guztiak, esteka honetan kontsulta daitezke.