Sortu: «Herri xehea, langilea, euskaltzalea eta feminista ez gaude de vuelta»
Irun Espainiako Itzuliaren agertoki izatearekin haserre agertu da Irungo Sortu. Egungo egoeran egitea «arduragabekeria» dela uste dute, «marca España-ren egoskorkeria baino» ez dela.
Bihar Irunek jasako duen Espainiako Itzuliaren harira, Irungo Sortuk lasterketaren gaineko irakurketa elkarbanatu nahi izan du herritarrekin. Haserre agertu dira antolatzaileekin, egungo egoeran egitea «arduragabekeria» dela uste baitute, «marca España-ren egoskorkeria baino ez dela».
«Propagandan, materialean, komunikazioan denbora eta baliabide aunitz xahutu arren, inork gutxik esango luke “irrika” bizia dagoela irunen, gaudela irundarrak. Izan ere, uste dugu herria ez dagoela azaleko ospakizunetarako. Herria ez dago “de Vuelta”!», esan dute hedabideei bidalitako oharrean. «Prekarietatea pairatzen duen, bizitzaren aurrean gero eta ziurtasun gutxiago dituen, bere osasun eta hezkuntza sistema narriatzen ikusten ari den, eta egunerokoan bere hizkuntz eskubideak bortxatuak dituen herri xeheak ez du inolaz ere bere egin “La Vuelta”», erantsi dute.
Lasterketaren aurrean udal gobernuak erakutsitako jarrera salatu nahi izan dute. «Hiriarentzako garaipen hau triunfalismo nabariarekin» aurkeztu zutela diote, baina Sortukoek uste dute lasterketaren eragina ez dela hain positiboa izango. Honako argudioak eman dituzte (hitzez hitz) udal gobernuaren kontra egiteko:
- Xahuketa ekonomikoa: Udal gobernuak, horrelako gertakari baten onura ekonomikoak jarri ditu mahai gainean eten gabe. Bere esanetan, “Vuelta” Irunen hastea etekin ekonomiko nabariak ekarriko ditu hirira. Gutxitan esaten du ordea, hasiera hau ekartzeko denon artean ordaindu dugun diru kopuruaren zenbatekoa. Modu zuzenean eginiko xahuketa eta honekin batera kontabilizatzen zailak diren beste gastu asko (propaganda, udal, langileen denbora, etab.). Gainera, jakin badakigu sortuko den ustezko “aberastasun” hori ez dela inoiz berdin banatzen: Hoteletako, ostalaritzako ugazabak izango dira hori jasotzen lehenak, eta beraz langileontzako, betiko legez apurrak. Beraz, denok jarriko dugu dirua espektakulua antolatzeko, baina mozkinak ez dira berdin banatuko.
- Nazionalismo gotortua: Espainia, nazio gisa ez dago bere onenean. Egun “española” bezala identifikatzeak lotsa ere badakar tarteka, eta arrazoiak ez dira falta horretarako. Baina ondotxo dakigu, nazionalismo españolak beste bide askoz jorratzen duela bere betikotzea. Modu horien artean “kirola” du esparru kuttuntzat, beti nagusikeriaz jokatzen duen espainiar nazionalismoak . Gu, ez gara españolak eta ez gaude prest hau goratzen duen ekimenetan parte hartzeko. Ez du axola hau txirrindan edota pilota bati ostikoak joz egiten bada. Euskaldunak gara, nazio bat, eta horrela gure ordezkaritza presente egon eta gure komunitatearekin bat datozen ekimenen alde (kultural, kirol edota bestelakoak) egiteko aldarria egiten jarraituko dugu. Espaiñiar apologia gotortuak ospatzeko gurekin ez kontatu.
Honi loturik eta adibidetzat, aipagarria da euskarak anabasa propagandistiko guzti honetan eduki duen presentzia txikia. Hiri honetan ohikoa den gisara, gure hizkuntzaren gutxiespen sistematikoaren beste pasarte bat. - Gizonen munduaren lehentasuna: Inork imajinatzen al du horrelako lanketa eta hedapena emakumeak zentroan dituen ekimen batean? Zaila. Nahiz eta feminismoak, eta emakumean alor askotan (kirola barne), borroka luzea daramaten gure jendartean merezi duten zentraltasuna lortzeko, parekidetasun erreala erdiesteko oraindik ere oztopoak nabariak dira. Batzuetan ageriko eta gordinak, besteetan mozorroturik datozenak. Hau kasu. Berriz ere diru publiko xahuketa gizonen kirol ekimen bat, eta hortaz gizonen nagusitasun soziala finantzatzeko.
- Txirrindaren espektakulua baina txirrindarik gabe: Irunera jaitsiz, paradoxikoa da horrelako txirrinda apologia ikustea, txirrindan mugitzea hain zaila de hirian. Bide gorri sare hain kaskar eta askotan arriskutsua dugun Irun honetan, zeinetan txirrindaz mugitzea, bizitzea hain zaila dena. Akaso zentzukoago litzateke diru guzti hori, bidegorrietan inbertitzea.
Horregatik guztiagatik, Sortuko kideek ozen esan dute «herri xehea, langilea, euskaltzalea eta feminista ez gaudela de vuelta». Bide batez, Irunek parez pare dituen erronka sozialei lehenbailehen heltzeko premia nabarmendu dute, «horrelako espektakuluetan dirua eta denbora galdu gabe».