Hondarribia Grand Slam txapelketako finalak Jostaldi beteko du bihar
Goikoetxea-Irastorza eta Beaskoetxea-Lopez bikoteek indarrak neurtuko dituzte lehiaketako azken saioan. Soilik berrogei sarrera geratzen direla ohartarazi dute antolatzaileek.
Dena prest dago biharko Hondarribia Grand Slam txapelketako finalerako. Jostaldi pilotalekua betetzea aurreikusi dute, eta ez da gutxiagorako izango antolatzaileek ohartarazi dutenez soilik berrogei sarrera geratzen baitira biharko hitzordurako eskuragarri. Segurtasun neurriak direla-eta 280 leku daude denera erabilgarri Jostaldin.
Goikoetxea-Irastorza eta Beaskoetxea-Lopez bikoteak txapela janzteko lehiatuko dira finalean, irabazle argirik gabeko aurreikuspenei jarraituz. Ildo beretik mintzatu da Iñaki Goikoetxea jokalaria, eta haren arabera, “laurok irabazi nahi dugu eta nire ustez, dezente izerditu beharko dute irabazleek garaipena”.
Beaskoetxea eta Lopezen iritziz, hala ere, arerioak dira finala irabazteko faboritoak. “Zalantzarik gabe faboritoak direla”, adierazi du Imanol Lopezek, “dituzten abizenengatik, euren ibilbide profesional ezin hobeagatik, haien jokoarengatik, eta batez ere, Eriken [Irastorza] osatze prozesu konplexuari erreparatuta, lehiaketa paregabea jokatu eta indartsu dagoela erakusteagatik”.
Bihar arratsaldeko 20:00etan ekingo diote norgehiagokari eta bukatutzat emango dute horrela 2020. urteko Hondarribia Grand Slam pilota jaialdia.