Selfie bat, itzulia gertutik ikusteko
Espainiako Itzuliko hasiera ikusteko bi sarrera zozkatuko ditu udalak. Sare sozialak baliatuko dituzte horretarako.
Espainiako Itzulitik astebetera, Irungo Udalak kanpaina berezi bat abiatu du. Datorren hilaren 20an (asteartea da) lasterketaren hasiera gertutik ikusteko bi sarrera zozkatuko dituztela iragarri du gaur Borja Olazabal ordezkariak. Izan ere, osasun egoeragatik edukiera mugatua izango da irteeran.
Zozketan parte hartzeko, interesdunek selfie (argazki bat) atera beharko dute lasterketak Irun zeharkatuko duen zortzi kilometroetako batean, edo hirian zehar lasterketa iragartzeko jarri dituzten kartel batekin batera. Argazkia Twitter edo Facebook-en elkarbanatu beharko da, #IrunBueltanDa traola erabilita. Amaitzeko, @Irun_informa kontua etiketatu beharko da argitalpenean.
Irudiak gaurtik hilaren 17ra bitarte (larunbata da) zintzilikatu beharko dira, eta astelehenean (hilak 19) jakinaraziko dituzte irabazleak.
Lasterketa dela eta, trafikoak zenbait aldaketa jasango ditu. Hala, hilaren 20ko 10:05etik 13:30era hiritik autoz ez mugitzeko deia egin du udalak. Aparkaleku ugari ez direla erabilgarri izango ere jakinarazi berri dute.