[Erreportajea] Gernikako Arbolatik urtebete
Guztion Alardeak bere burua ezagutarazi zuela lehen urteurrena bete da aste honetan. Baikor baloratu dute orain artekoa, nahiz eta elkarrizketarako baldintzak ez ematea deitoratu duten.

Urtebete igaro da Alarde Fundazioko gazte talde batek konponbiderako bidean aurrera urratsa egin zuenetik. Laurogei bat gaztek bat egin zuten Hondarribiko Alardeko kideentzat sinbologia berezia duen Gernikako Arbolaren azpian, eta argazki bat atera zuten bertan. Ez hori bakarrik. Irudi horrekin batera, ondoko esaldia jasotzen zuen komunikatua plazaratu zuen Guztion Alardea izenarekin ezagutarazitako taldeak: «Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa du».
Euskal Herriko komunikabideetako azalak eta titularrak bete zituen gazte taldeak. Haien aurrerapausoak oihartzuna izango zuela argi zuten arren, ez zela «horrenbesterako» izango uste zutela onartu du Ainhoa Otaño taldekideak. Harrezkero, hondarribiarren arteko haustura sozialak beste mota bateko kutsua hartu zuen.
Haien balorazioak, iritziak eta inpresioak jasotzeko helburuarekin, Guztion Alardea taldeko hainbat kiderekin bildu da HITZA urteurrenean, eta Otañoz gain, Fabian Alza, Aintzane Berrotaran, Ander Solaegi eta Iker De la Linde gazteak ere gerturatu dira hitzordura.
Denek ala denek onartu dute argazki hark sortutako oihartzun mediatikoak orotariko iritziak azaleratu zituela, horietako gehienak «positiboak» Alzaren esanetan, nahiz eta Otañorekin batera nabarmendu duenez, horietako batzuk «gogorragoak» edota «mingarriagoak» izan ziren. Ildo horretan, ekintza horrek eztabaida «oso gogorra» sortu zuela uste du Solaegik, eta De la Lindek laburbildu du haien inpresioa zein den: «Polita izan da sentsibilitate guztietatik erreakzio positiboak jaso izana, horrek asko esaten baitu gure ustez».
Erreakzio horiek guztiek, ordea, ez zutela eragileen arteko aurrerapausorik eragin deitoratu du gazte taldeak aho batez. Instituzioak, eta bereziki Hondarribiko Udala, «motel» doala uste dute. Tokiko gobernuaren esku hartzea Jenny Pearce bitartekariak sortutako elkarrizketa mahaira mugatzen da haien iritziz, «nahiz eta motel joan edo geldirik egon», erantsi du Alzak. Irudi hartatik urtebetera udaletik jasotako erantzun bakarra «gurekiko errespetua zegoela» zioen komunikatu bat izan dela argitu du Solaegik.
Hori horrela, instituzionalki gaia «berdin edo okerrago» dagoela iritzi dio Alzak. Izan ere, eztabaida «polarizatu» izanaz akusatu dituztela gazte hondarribiarrak esan du, «eta ez dakit horrek eztabaida ofizialean eragina izan duen, baina ez da ezer aurreratu».
Alarde Fundazioa
Guztion Alardeak egindako aurrerapausoak gatazkan inplikatutako eragile ezberdinekin bilerak egitera eraman du gazte taldea. Astebete pasatxora Guztion Alardea «entzungo» zuela adierazi zuen Alarde Fundazioak publiko egindako komunikatuan, «sekula» ez baitu «topaketa proposamen bat ukatu», kontrako iritzia izan arren.
Lehen kontaktu hura «nahikoa adeitsua» izan zela argitu dute gazteek, baina bukaeran «gusturago» atera zirela onartu dute. «Zertxobait hotza izan zen hasieran. Iritsi ginenean gu entzuteko prest zeudela esan ziguten, baina gure egitasmoa, argazkiarena, eraso bezala hartu zutela esan zuten», azaldu du Otañok. Are gehiago, Alzak dioenez, «traizioa» sentitu zutela adierazi zieten.
Hala, eragilearen iritziz, eztabaida «herrian bertan» geratu behar zela komunikatu zien Alarde Fundazioak gazteei, eta beraz, haien ustez egokiena argazkia atera aurretik haiei biltzeko eskaera egitea zela adierazi zieten, Solaegik kontatu duenez. Horrez gain, «haien gertuko sentsibilitateko jendea» ez zela gonbidatua izan argazkian parte hartzera ere leporatu zieten, Alzak erantsi duenez.
Argi mintzatu da Otaño akusazioaren inguruan, eta euren estrategiaren parte zela baieztatu du: «Argazkiak nahitasun jakin bat zuela esan ziguten, eta argi dago zeinekin hitz egin genuen eta zeinekin ez, momentu horretara arte gure estrategia izan genuelako, batez ere, jendea oraindik hitz egiteko beldur zelako».

Guztion Alardearen sorreran, taldea Gernikako Arbolan.
Mugimenduaren sorrera
2018. urteko Alarde Egunean izandako istiluen ondorioz elkartzen hasi ziren gazteak. «Zerbait egin behar genuela bagenekien, baina ez zegoen ezer finkatuta», zehaztu du Otañok. Pixkanaka talde lana egiten hasi ziren eta egungo proiektua martxan jarri zuten, «baina lehenagotik ere bazegoen ideia hori». Izan ere, gaiaren gainean «iritzia ematea» eta «beldurrarekin haustea» zen gazteen nahia Otañok nabarmendu duenez, baina bide horretan «bata bestea babesteko» urtebete aritu ziren lanean, ehun sinadura eta laurogei gazte argazki eta dokumentu berean bildu zituzten arte.
Gaur egun oso bestelakoa da egoera haien ustez. Inguruan jasotako babesaren arabera zenbaitzuk «okerrago» pasa dutela onartu dute. Are gehiago, zenbait konpainia eta talderen aldetik «uzteko gonbidapena», «presioak» eta «mehatxuak» jaso dituztela erantsi dute.
Orain arteko prozesua, hala ere, positiboa izan dela iritzi diote denek aho batez. Berrotaran kontent agertu da emandako aurrerapausoarekin eta «libreki» hitz egin dezakeela orain uste du: «Lehen, ordea, ez nuen hori sentitzen, beldur hori neukan». Otañok, bere aldetik, ez du uste argazkian ateratzeagatik inor damutzen denik. Hori horrela, «beharrezkotzat» jo dute aurrera egindako urratsa.
Jaizkibel konpainia
Gernikako Arbolan ateratako argazkiak eragindako tsunamiaren ondorengo bileretan Jaizkibel konpainiarekin batzartzeko aukera izan zuen Guztion Alardea taldeak. Bost elkarrizketatuek aho batez erantzun dute topaketa «oso positiboa» izan zela. «Leiho berri bat bezala ikusi gintuzten», azaldu du Alzak, eta «jende gaztea izateaz poztu ziren», gaineratu du Berrotaranek. «Giroa eraikitzailea izan zen», erantsi du De la Lindek.
Harago jo du Solaegik bileraren gainean egindako irakurketarekin: «Egindako urratsa gatazkari konponbide duina emateko Alarde Fundazioak ez du aukera bat bezala ikusi, baina bai aldiz, Jaizkibelek».
Gazteek aurrera eramandako estrategiarekin ere «ulermen handia» erakutsi zutela azaldu du Alzak. «Gure beldurretako bat zen gure taldetik baztertuak sentitzea, eta gure helburuetako bat bileran hori argi uztea zen, haiei esatea ez ginela Jaizkibel baztertzen ari, baina iritsi nahi dugun lekura iristeko estrategikoki egin genuela. Eta ulertu zuten. Hasieratik».
Herritarrak
2020aren hasieran jasotako atxikipen eta babesa medio, Guztion Alardea jendaurrean aurkeztea erabaki zuten gazteek. Herritarren parte hartzeak aurreikuspen guztiak bete zituen, eta babesa jasoko zutela bazekiten arren, ez zutela «hainbeste» jende espero argi utzi dute. Bi txanda ezberdinetan egin behar izan zuten azkenean aurkezpena, eta bietan Kultur Etxeko areto nagusia betetzea lortu zuten.
Aurkezpenaren aurretik bilera irekia egin zutela azaldu dute taldekideek, eta denera, laurogei bat lagun azaldu zirela horretara. Bilkuraren ondotik «hainbeste» izan ziren taldeak jasotako atxikipenak eta babesa, «zer edo zer egitea» pentsatu zutela kontatu du Alzak, eta horren ondorioa izan zen gazte taldearen aurkezpena.
Alardearen eta desfilearen gaineko gatazkaren inguruan antolatutako ekitaldiak «sentsibilitate guztietako jendea gerturatzera» eraman zuela nabarmendu nahi izan du Solaegik bere aldetik. «Hori oso positiboa da. Azken 25 urtean ez da elkartu sentsibilitate guztietako jendea alardearen inguruko ekitaldi batean. Hori aurrerapausoa dela uste dugu», erantsi du.

Barrenetik dinamikarekin lehen solasaldia.
Barrenetik
Etenaldia egin behar zuen taldeak aurtengo abuztuan jaietara begira giroa lasai egon zedin. Koronabirusak eragindako osasun krisiaren eraginez aurten ez da jairik ospatu Euskal Herrian, ezta Hondarribian ere, eta beraz, Barrenetik dinamikari heltzea erabaki zuten.
«Korapiloak askatzea eta jendea lasaiago geratzea» da abuztuan martxan jarritako lanketaren helburuetako bat, Solaegik azaldu duenez, «eta iritzi guztiak dira ongietorriak». Bide horretan, sentsibilitate guztietako hondarribiarrek parte hartzea bilatzen zuten arren, «oraindik ere beldurra dagoela» uste du Alzak. «Orain arte atera diren guztiak betiko alardekoak dira, emakumeen parte hartzearen alde dagoen jendea. Saiatzen ari gara betiko diskurtsoa daukan norbait sartzen, baina ezezkoa jaso dugu beti», gehitu du gazteak.
Bide beretik mintzatu da Otaño, eta zuzenean pertsona jakin batzuengana jo dutela onartu du. «Ezustekoa adierazi digute haiekin harremanetan jartzeagatik, batzuk eskertu egin digute, baina denek ezezkoa eman digute azkenean ez dutelako beraien burua gure proiektuan ikusten, eta guretzako oso inportantea da», argudiatu du.
«Immobilismoa»
Aurtengo jaiek utzitako hutsunea aurrerapausoak emateko baliatu ote den zalantzan jarri dute gazte guztiek. De la Linderen arabera, haien sentsazioa da «denbora polit hau» ez dutela ondo probestu aurrerapausoak emateko. Haren ustetan udalak eta inplikatutako eragileak «immobilismoan» daude, eta «guk gure eskuetan zegoena egin dugu». Gazte taldeak argi utzi nahi izan du ez zirela konponbidea emateko sortu, «presioa» egiteko, iritzia ematearen «beldurra hausteko», eta herritarrei «babesa emateko» elkartu zirela baizik.
Hortaz, noizbait elkarrizketa mahai bat sortuko balitz eta gonbidatuak izango balira ez luketela parte hartuko adierazi dute. «Elkarrizketa horren alde egingo genuke, beti egongo garelako elkarrizketaren alde», azaldu du Solaegik, baina hala ere euren rola ez dela eragile zuzen batena uste dute. «Dinamizatzaileak izan gaitezkeela uste dugu», gaineratu du Otañok. Izan ere, alde batean edo bestean desfilatzeagatik «iritzi baten barruan» kokatzen zituztela baieztatu du Alzak, «baina orain nik uste dut iritzi ezberdina duen alarde tradizionaleko jendea azaleratu dela, eta horrek eztabaida zeharo zabaltzen du». Datorren urteko jaietan aldaketa handirik emango ez dela uste duten arren, detaileetan jarri dute indarra, esaterako, Gernikako Arbolan eman ohi den egoeran aldaketak egon daitezkeela uste dute.
Lanean jarraituko dute, eta osasun egoerak baimendu bezain pronto, berriz ere bilera irekiei helduko dietela helarazi nahi izan diete hondarribiar guztiei.