Hondarribia Grand Slam txapelketako finalaurrekoei helduko diete gaur
Lehenik eta behin, Olharan-Etxeto eta Beaskoetxea-Lopez bikoteak lehiatuko dira, eta haien ondotik, Goikoetxea-Irastorza eta Olha-Del Rio bikoteen txanda izango da.
Hondarribia Grand Slam txapelketako finalerdiei helduko diete gaur Jostaldi pilotalekuan, 20:00etan abiatuta. Jai Alai World Tourrerako puntuagarria da Hondarribiko kantxan jokatutako txapelketa.
Gaurkoan, lehenik eta behin, Olharan-Etxeto eta Beaskoetxea-Lopez bikoteek indarrak neurtuko dituzte. Adituek diotenez, ez da irabazle argirik bien artean, helduenak faborito izan daitezkeela pentsatu arren, gazte bikotea “forma onean” baitago uneotan.
Ondoren, Goikoetxea-Irastorza Olha-Del Rioren aurka ariko da. Bigarren txanda honetan, lehen bikotea da faborito, nahiz eta Del Rioren indarra nabarmendu duten. Irabazleek datorren larunbatean jokatuko dute Hondarribia Grand Slam txapelketako finala.