Segurtasun neurrien garrantziaz sentsibilizazio kanpaina egingo dute hilaren 5ean eta 8an
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko kideak izango dira kanpaina aurrera eramateko arduradunak, eta jende pilaketak sor daitezkeen eremuetan egongo direla aurreratu dute.
Segurtasun neurrien gaineko sentsibilizazio kanpaina aurrera eramango du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko dinamizazio talde batek hilaren 5ean eta 8an. Hala jakinarazi du elkarteak gaur bertan ohar baten bidez, eta erdigunean izango direla aurreratu dute, bertan ematen baitira jende pilaketak haien esanetan.
Herritarrak eta ostalariak sentsibilizatzea dela helburua adierazi dute ostalaritza elkartetik, “pandemia eteteko hartu behar ditugun neurri higieniko-sanitarioak modu egokian betetzeko”. Hala, 22:00etatik 00:00etara bitartean garatuko du kontzientziazio kanpaina hilaren 5ean, eta 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara hilaren 8an.
Era berean, gazteengana iristeko ahalegin “berezia” egingo dutela erantsi dute arduradunek, uneotan kolektibo honek eskatzen baitu “sentsibilizazio eta pedagogia” lanik handiena haien iritziz.
Izurria “indargabetzea” eta ostalaritza leku “segurua” dela aldarrikatzea izango da Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Ostalaritza sailarekin batera garatutako kanpainaren beste helburuetako bat.