Aurrez aurreko eskolak bermatzeko "koordinazioa" galdegin du PSE-EEk
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin elkarlana bultzatzeko eskatu dio Iosu Alvarez sozialisten bozeramaileak EAJren udal gobernuari.
Ikasturte hasiera ate joka dago, eta gertatu daitekeenaren gaineko ezjakintasuna agerikoa da ikasle, guraso, irakasle, zein erakunde publikoen artean. Zentzu horretan, ikasleen aurrez aurreko eskolak “segurtasunez” bermatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin “koordinazio” lanak egin dezan galdegin dio PSE-EEren udal taldeko bozeramaile Iosu Alvarezek EAJren gobernu taldeari.
COVID-19 gaitzaren aurkako protokolo guztiak aktibatzera ere deitu du sozialistak, baita “beharra sortuko balitz gune publikoak hezkuntzarako ahalbidetzera” ere. Halaber, “pilaketak ekiditeko” ikastetxeetako sarrera eta irteera ordutegietan Udaltzaingoa egoteko eskaria luzatu dio EAJri.
Azkenik, eta itxialdiak egoteko aukerari erreparatuta, eskolak online jarraitu ahal izateko euskarri digitalak “baliabide ekonomiko urriak” dituzten familien esku jartzera deitu du bozeramaileak.