Gizarte Zerbitzuak indartzeko beharra nabarmendu du PSE-EEk
Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko aurrekontu osoaren %17,17 gastatu duela udalak deitoratu du Iosu Alvarez sozialistak.
Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan indarra jartzeko beharra nabarmendu du PSE-EEren udal taldeko bozeramaile Iosu Alvarezek komunikabideetara igorritako ohar batean. Departamentuak “kalitatea eta bermea” eskaini beharko lituzkela gogoratu dio Txomin Sagarzazu alkateari.
Talde sozialistak, halaber, adierazi duenez, koronabirusari aurre egiteko aurreikusitako aurrekontuaren %17,17 gastatu du soilik udal gobernuak. Bozeramaileak zabaldutako datuen arabera, 1.100.000 eurotik 188.860 euro gastatu ditu udalak: “Aurrekontua egon badago, baina kudeaketa administratiboa ez da nahikoa”. Hori dela eta, giza baliabide eta herritarrei arreta emateko bulego gehiago galdegin ditu sozialistak.