Gizarte politikak izango ditu ardatz Elkarrekin Podemosek
Ikasturte politiko berri honetan aurrera eramango dituzten proiektu eta proposamenak azaldu dituzte gaur agerraldian.
Irungo Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldea ikasturte politiko berriari begira jarri da, eta datozen hilabeteetan aurrera eramango dituzten proiektu eta proposamenen berri eman dute gaurko agerraldian. Bertan, Santi Jimenez eta Miren Etxebeste izan dira.
«Salbuespenezko egoera» honen aurrean, hainbat lan ildotan kokatu dituzte ikasturte berrirako helburuak. Lehenik eta behin, saltoki txikiekin elkarrizketa sustatuko dutela diote, «bonuak eta saltoki txikientzako laguntzak erabiliz». Ildo horretan, ostalaritza establezimenduetan terrazak handitzeko izapideak arindu eta malgutu behar direla uste dute taldekoek, edukiera murriztapenak iraun bitartean.
Bestalde, Irun Aurrera planaz aritu dira. «Planaren ebaluazioa egin behar dela uste dugu, eta udalak malgutu egin behar dituela laguntza itzultzeko epeak ere, beste erakunde batzuetatik jasotakoekin bateraezinak baitira», esan du gaurko agerraldian Etxebestek. Kaltetuek itzultze horri aurre egin ahal izateko erraztasunak eman behar direla erantsi dute.
Gizarte zerbitzuen egoera ebaluatzea ere proposatuko dutela nabarmendu dute taldeko bi kideek, datozen hilabete eta urteetan pobrezia zifrak okerrera egingo baitute haien ustez. Zentzu horretan, aurrekontu akordioan jasotako proiektuak agintaldi honetan gauzatzen direla bermatuko dutela esan dute.
Emakumeen Etxea
Emakumeen Etxea irekitzea izango da ikasturte honetarako taldeak duen helburu nagusietako bat. Proiektu hori gauzatzeko pausoak ematen direla ziurtatuko du taldeak.
Garapen ekonomikoari dagokionean, Irun Ekintza-en egitura, helburuak eta funtzionamendua aldatzeko asmoa dutela adierazi dute, «ekonomia berpizteko baliagarriak izan daitezkeen nitxoak identifikatzeko».
Amaitzeko, trantsizio ekologikoaz aritu dira gaurko agerraldian. Hala, aurrekontu akordioan udal gobernuarekin hitzartutako bulego berdea abian jartzen dela sustatzeko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak.