Aurreikuspenak bete dira: mutilak ere Kontxara
Kontxako Banderaren sailkapen estropada jokatu dute gaur arratsaldean Donostian, eta Hondarribiak, hirugarren postuan sailkatzea lortu du.
Aurreikuspen guztiak bete dira Kontxako Banderaren gizonen sailkapen estropadan: hirugarren sailkatzea lortu du Hondarribiak. Bandera jokatzeko txartela eskuratu du berdeen gizonen eskifaiak 19:49.94 marka eginda, bigarrenetik, Oriotik, oso gertu soilik 88 ehunekora (19:49.06). Zierbenak irabazi du estropada 19:45.18 denborarekin.
Arratsaldeko 17:30ean eman diote hasiera erlojupeko sailkapen estropadari. Haizea eta itsasoa zertxobait zakartu diren arren, baldintzak ez ziren arraun egiteko guztiz desegokiak. Hiru ziaboga eta lau luze egin behar zituzten parte hartu duten 21 ontziek (23 ziren hasieran). Zierbenak markatu du markarik onena hasieratik, eta haren atzetik sartzen joan dira gainontzeko eskifaiak.
Igande honetan, hilak 6, jokatuko dute Kontxako Bandera klasikoaren lehen estropada. Berdeen lehiakideen artean, egongo dira, besteak beste: Zierbena, Orio, Santurtzi, Urdaibai, Cabo, Donostiarra eta Zarautz.
Hondarribia Arraun Elkarteko ontzia liderren artean kokatuta dago aurki jokatuko den Kontxako Banderan. Are gehiago, iazko garaipena errepikatzen saiatuko da aurten berriz ere traineru hondarribiarra.
Emakumeen traineruak, bestalde, atzo lortu zuen Kontxako Banderarako sailkatzea, bosgarren postua eskuratu ondoren.