[Erreportajea] Geldialdiaren erosotasuna
Autokarabana erabiltzaileentzako aparkaleku autonomoa zabaldu dute Arantxa Aranak eta Hector Seijok Irunen, inguruan zerbitzua ematen duen lehenetarikoa.
Autokarabanazaleei zuzendutako zerbitzugune berria eta berritzailea martxan dago Irunen. Izurriaren arintze faseek irekiera baimendu zutenean igo zuten barrera lehen aldiz. Parking Jaizubia-Autocaravan Park Txingudi urteko 365 egunetan, 24 orduz, zabalik dago. Autokarabanek ezinbestekoak dituzten zerbitzu guztiak gidarien eskura jartzen ditu, tartean, ur grisak eta beltzak husteko gunea, ur edangarria, eta segurtasuna. Areago: Txingudi merkataritza zentroaren atzealdean kokatuta dagoenez, gasolindegia, supermerkatua, eta beste hainbat zerbitzu biltzen ditu autokarabanei zein kanperizatutako furgonetei bideratutako aparkalekuak.
Arantxa Arana eta Hector Seijo hondarribiarrak dira proiektuaren bultzatzaileak. Hiru urtez garatu dute egitasmoa Bidasoa Bizirik garapen agentziaren laguntzarekin, Hondarribian hasieran eta Irunen azkenik. Izan ere, lehenean «trabak» besterik ez zituztela jaso azaldu dute. Txingudi merkatalguneko arduradunei proiektuaren berri eman zietenean, ordea, oso «baikor» azaldu ziren; areago, aurrera egiteko «erraztasunak» eman zizkietela onartu dute.
Bidea mantso egin dute Aranak eta Seijok. Hiru urteren ondoren, apirilean finkatu zuten irekiera data, nahiz eta koronabirusak ez zien horretarako aukerarik eman. Azkenean, maiatza bukaerara arte itxoin behar izan zuten aparkalekuko barrera lehen aldiz igotzeko. Badakite, gainera, aurtengo egoerak etorkizuna baldintzatuko duela, baina hala ere, baikor begiratzen dute aurrera.
Ibilaldi luzeen zain
A-8 autobidetik zein GI-636 errepidetik kilometro batera baino gutxiago kokatuta dago Parking Jaizubia. Ibilaldi luzeak egiten dituzten autokarabana erabiltzaileei zuzenduta dago batez ere, errepide nagusietatik atera eta zerbitzu guztiak eskaintzen dituen gune batera sartzeko aukera eskaintzen baitu.
Zerbitzu guztiak eskuragarri dituen gaua igarotzeko aparkalekua da
Ondo ezagutzen du Seijok kanpalekuen eta autokarabanen mundua, eta argi dauka Bidasoan halako leku baten gabezia zegoela. «Pentsa, urtero Europatik edota Espainiako Estatutik datozen 40.000 bat autokarabanek zeharkatzen dute Irun», zehaztu du. Beraz, tankera honetako zerbitzua ezinbestekoa ikusten du, nahiz eta Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan autokarabanen gaineko legeak eta arauak «kolpeka» egiten direla iritzi dion. «Frantzia edo Alemania gu baino askoz ere aurreratuagoak daude gai honetan, dena araututa dago, eta autokarabanistek ondo dakite zer den aparkaleku pribatu bat edo publikoa, non utz dezaketen ibilgailua eta non ez. Hemen, ordea, oso bestelakoa da egoera», erantsi du.
Hortaz, zerbitzu guztiak eskuragarri dituen gaua igarotzeko aparkalekua da Seijo eta Aranarena. Gipuzkoan gisa honetako aparkaleku bakarrenetakoa da, errepidetik atera, beharrezko zerbitzuetara jo, gaua lasaitasunez igaro, eta berriro errepidera itzultzeko aukera eskaintzen duen gunea.
Autonomiarantz
9.000 metro koadroko azalera du denera Autocaravan Park Txingudik, nahiz eta uneotan ezinezkoa egiten zaien gune osoa erabiltzea. «2.000 metro koadrorekin hasi gara», azaldu du Aranak, «gaua igarotzeko 44 aparkalekurekin». Horrez gain, 2.000 metro koadro gehiago ahalbidetu dituzte: «Koronabirusaren aferarekin, badakizu, berritzaileak izateko beharra ikusi dugu eta autokarabanen zaintzarako gunea sortzea erabaki dugu».
Zaintza gunea Behe Bidasoa eskualdeko eta inguruko herritarrei zuzenduta dagoen zerbitzua da. Autokarabana bertan urte osoan aparkatzeko aukera ematen die erabiltzaileei, eta ibilgailua erabili nahi dutenean autoa utz dezakete bertan. Gainera, uren huste zerbitzua eskura edukiko lukete erabiltzaileek modu horretan.
Aparkaleku «autonomoa» da Txingudikoa. Uneotan denak era egokian funtziona dezan egon ohi dira bertan proiektuaren bultzatzaileak, baina pixkanaka aparkalekua bere kabuz jardutea da helburua. Erabiltzaileek Parking Verde aplikazioan izena emanda eta ibilgailua erregistratuta edukita nahikoa dute erreserba egiteko, hara iritsi eta barrera nola igotzen den ikusteko, baita gainontzeko zerbitzuak erabiltzeko ere.
Zentzu horretan, garrantzitsua iritzi diote bi kudeatzaileek mentalitate aldaketa bultzatzea erabiltzaileen artean. «Erreserbarik egin gabe hotel batean bertaratzen zara logela libre eske?», galdetu du Aranak: «Normalean, telefonoz deituta edo Internet bidez erreserba eginda jotzen duzu hotelera».
Aizkorrikoa jarri du adibide gisa Seijok: «Zenbat karabana zeuden, laurogei?»
Horrez gain, hala ere, beste problematika bat dago Seijorentzat horren atzean. Jendeak egunsentia leku eder batean ikustea lehenesten du haren aburuz, «ordainpeko leku seguru batean egotea baino». Orain gutxi Aizkorrin gertatutakoa jarri du adibide gisa: «Zenbat autokarabana zeuden, laurogei? Joan zaitez Guadalupera, zenbat daude egunero, hirurogei? Eta Jaizkibelgo Paradore zaharrean?».
Egoera ez dute modu osasuntsuan ikusten, eta beraz, zerbitzuguneak gero eta ezinbestekoagoak izango direla uste dute. «Mugatuz joango dira pixkanaka leku horietara sarbidea, ezinezkoa delako horrelako leku batek laurogei autokarabana hartzea», argudiatu du. Are gehiago: «Kontuan izan erabiltzaile askok, gainera, ez dutela ur zikinen tanga husteko leku baimendurik bilatzen, txorrota ireki eta dauden lekuan daudelarik hustu egiten dutela, eta horrek tratamendua behar du benetan kutsakorra delako». Egoera ikusirik, erregularizazioa behar duen sektorea dela sinetsita daude bi ekintzaileak.