Hondarribia Bk koska bat igotzeko aukera izan nahi du
KAE2 Ligako azken bi estropadak izango dira jokoan asteburuan Castron. Biharko eta etziko lehiak 18:00etan hasiko dira. Hondarribia Bk ia poltsikoan du KAE1era igotzeko play-offean egoteko aukera. KAE2ko hirugarren dira: Castro da lehena 104 punturekin (igoera zuzena), eta kanporaketan izateko bi plazak Lapurdirenak (100 puntu) eta berdeenak (91 puntu) dira egun. Laugarrena Portugalete da, 78rekin.
Beraz: berdeek puntu tarte zabala dute Portugaleterekin hirugarren postu hori mantentzeko. Ez dago arrazoirik pentsatzeko hondarribiarrek plaza hori galduko dutenik, oso erregularrak izan direlako sasoi oso-osoan zehar. Noski, erregulartasun hori asteburuan mantendu beharko dute, itsasoan.