Etorbidearen zubia, jada zabalik
Irun eta Hendaiako alkateek irudikatu dute irekiera. Obraren asmoa «zubiaren itxura originala mantentzea» izan dela azaldu du Santanok.
Gaurtik (hilak 28) aurrera, zabalik da berriz ere Irun eta Hendaia lotzen dituen Etorbidearen edo Avenida izenez ere ezaguna den zubia. Gaur bertan irudikatu dute irekiera Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Hendaiako alkate Kotte Ezenarrok, eta 11:00etatik aurrera, herritarrek bertatik pasatzeko aukera izan dute. Ia hiru urtez itxita egon da.
Santanok nabarmendu duenez, obraren asmoa «zubiaren itxura originala mantentzea» izan da, eta horretarako, 1916ko (orduan zabaldu zuten lehenengoz) elementuak berreskuratu dituzte. Barandako zati gehienak berriak dira, erreplikak, baina orain dela mende bateko zenbait elementu ere mantendu dituzte. Obrarako, 2.200.000 euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak.
«Zubia zaharberritu dugu, baina baita ere Bidasoko memoria. Zubiak Irun eta Hendaiako historia eusten du, baina baita ere milaka familia eta lagunena», esan du Santanok. Ezenarrok zubia berritzeko garrantzia nabarmendu du gaurko agerraldian, eta eskerrak eman dizkio Irungo Udalari, ez bakarrik teknikoki egindako lanagatik, baizik eta «memoria zaharberritzeagatik. Sufrimendu handiko zubia izan da, baina baita ere itxaropenaren ikur, askatasunarena», erantsi du Hendaiako alkateak.