[Erreportajea] Mapa bat, dozenaka istorio
1936ko altxamenduaz geroztik Irunek eta irundarrek jasandakoa islatzeko mapa bat osatu du Nicolas Guerendiain talde errepublikanoak. Hiriko leku eta gertaera garrantzitsuenak jaso dituzte.
Gure aiton-amonek bizitutako garai ilunenean sakontzen jarraitzen du Nicolas Guerendiain Irungo elkarte errepublikanoak. 1936ko altxamendu faxistak hirian eragindakoak bildu dituzte orain, Irun. Altxamendu militarra eta diktadura frankista izeneko maparen bitartez. Euskarri fisiko zein digital bidez kontsulta dezakete irundarrek dagoeneko, guztiz doan.
2014tik elkarteak jasotako informazioa «modu grafikoan» islatu dutela kontatu du bertako kide Aiala Oronozek, «altxamenduarekin eta diktadurarekin lotutako gertakariak ezagutarazteko» helburuarekin. Irungo defentsaren puntu estrategikoak irudikatu dituzte mapan, eta zer nolako eragina izan zuen altxamendu militarrak hirian. Horretarako, gertaera zehatzak, fusilamenduak, esklaboen izen-abizenen zerrendak, kartzelak eta bestelakoak bildu dituzte. Zehazki, 1936ko uztailaren 18ko altxamendutik irailaren 5era bitarteko epe horretan gertatutakoa jaso dute.
Oronozen aburuz, finean, orain arte 1936ko Gerraz jakina den informazio guztiaren laburpen moduko bat da mapa. «Alde batetik altxamendua Irunen nola garatu zen islatu dugu, lehen 50 egun horien egunez eguneko kronika bat jaso dugu, eta zein lekutan bereziki izan ziren fronteak. Bestetik, gertakariak, langile batailoiak edo mugaren kontrolarekin lotutako gertakariak jaso ditugu», erantsi du ikerlariak. Guztira, zazpi ataletan banatu dute mapa: altxamendu militarra, muga, fusilamendu estraofizialak, behartutako lanak, kartzela, Estatuko Segurtasun Indarrak eta lan depuratzea. 54 leku estrategiko definitu dituzte euskarrian, eta horrekin batera, bakoitzaren gaineko informazio zehatza gehitu dute. «Liburuxka bat bezala ere irakur daiteke mapa. Puntu edo gertakari bakoitzean sakontzen dugu, istorio ezberdin ugari bildu ditugu», gehitu du elkarteko kideak. Horietako asko, gainera, orain arte ezezagunak izan direla aitortu du Oronozek, Bidasoa ibaian, Blaia pasealekuan edo Antxotesaroiko iturrian gertatutako fusilamenduei erreferentzia eginez.
Gertakariez gain, kale izendegiari atal berezia eman diote elkartekoek. Hala, azken hamarkadetan izen aldaketa jasan duten hemeretzi kale islatu dituzte mapan, eta zer nolako bilakaera izan duten azken urteetan.
Garaiko testigantzak
Mapan dozenaka istorio eta gertakari jaso dituzte, baina elkartekoek badakite oraindik ere mapa horrek hutsune asko dituela, oraindik ere diktaduraren arrastoak handia izaten jarraitzen duela Bidasoan. Itzaleko iragan hori ezagutzeko, Oronozen ustez, funtsezkoak izan dira azken urteotako ikerketetan garaiko lekukoen testigantzak jasotzea. «Badaude gauza batzuk artxiboetan lortu ez ditugunak, eta horiek testigantzetan aurkitu ditugu. Balio erantsi bat dute ahozko testigantzek. Kasu honetan ez da bereziki landu testigantzen atala, mapa objektibo bat baita, baina edozein ikerketarako beharrezkoak dira lekukoak. Gainera, kontuan izan behar dugu belaunaldi horietako pertsona oso gutxi geratzen direla bizirik tamalez», erantsi du.
Mapa fisikoa Irungo Turismo Bulegoan (Luis Mariano kalean dago) zein CBA Udal Liburutegian eskura dezakete jada irundarrek (guztira, 1.000 ale inguru banatu ditu elkarteak). Formatu digitala, aldiz, esteka honetan kontsulta daiteke.