[Erreportajea] Companys, hemen ere ikur
Bihar 80 urte beteko dira Lluis Companys i Jover Generalitateko presidentea Irunen entregatu zutenetik, faxistek fusilatu aurretik. Politikaria omenduko du Kepa Ordoki elkarteak.
Biharkoa egun berezia izango da Irungo Kepa Ordoki Memoria Historikoaren Aldeko elkartearentzako, baita frankismoaren errepresioa larrutan jasan behar izan zuten eskualdeko herritar askorentzako ere. 80 urte beteko dira bihar (hilak 29) Lluis Companys i Jover Generalitateko presidentea Irunen bertan entregatu zuela Gestapok. Urteurrenaren harira, elkarteak omenaldi berezia antolatu du biharko, politikariak eta garaiko errepresioak ikur bilakatu zuten Etorbidearen edo Avenida izenez ere ezaguna den zubian hain zuzen ere.
Pedro Urraca agente faxistak entregatu zuen Companys 1940an Irunen. Frantziako Estatuan atxilotu zuten, eta autoritate frankisten esku utzi zuten muga politikoan, abuztuaren 29an zehazki. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten faxistek, Bartzelonako Montjuic estadioan.
Irunen eta Bartzelonarako bidean jasandakoek, Euskal Herrian ere Companys «errepresioaren ikur» bilakatu zutela kontatu du elkarteko kide Peli Lekuonak: «Deportazio errepresio hori jasan zuten ehunka euskaldunen istorio antzekoa bizitu zuen hark». Companysek jasandako errepresiotik harago, euskaldunengatik egindako lana aitortzea ere badu helburu biharkoak, hala azaldu zuten joan den astean eskainitako agerraldian. «Companys pertsona garrantzitsua da, ez bakarrik gure eskualdean pairatu zuen jazoera errepresibo horregatik, baizik eta berezia izan zelako euskaldunentzat, euskaldunen laguna izan zen. 1936an Bartzelonara heldu ziren lehen euskaldunak Irun, Hondarribia eta ingurukoak izan ziren, eta orduan Generalitateak besoak zabalik jaso zituen denak, inongo baldintzarik gabe, erraztasunak ematen», erantsi du Lekuonak. Are gehiago. Garaiko Montjuic estadioa errefuxiatuen eskuetara jarri zuela nabarmendu du irundarrak, eta horietako asko bidasoarrak izan zirela.
Biharko omenaldia girotzen hasteko, bestelako egitasmoak ere landu ditu Kepa Ordoki elkarteak azken egunetan. Astelehenetik aurrera, elkartearen webgunean Companysi buruzko atal berezi bat kontsultatzeko aukera dago. Politikariaren bizitza edo Urraca faxistak egindako espioitza lanen berri eman dute bertan, besteak beste. Gainera, asteartetik, Luis Companys batzordeko koordinatzaile Antoni Strubelli bideo formatuan egindako elkarrizketa zintzilikatu dute. Atzotik, aldiz, Agente 447, el hombre que detuvo a Lluis Companys liburuaren idazle Gemma Aguilerarekin izandako solasaldia online bidez partekatu dute. Amaitzeko, 60. urteurrenean (2000. urtean) Avenida zubian bertan egindako omenaldi erraldoiaren bideoa ere ikusteko aukera dago jada lotura honetan.
Biharko omenaldia Etorbidearen zubiaren ondoko interpretazio zentroan egingo dute. Bertaratzen diren lagunek loreak jarri ahal izango dituzte, txandaka. Omenaldia txistulariek girotuko dute, eta Amets Arzallusen bertsoek ere alaituko dute aldarrikapen ekitaldia. Peli Lekuonak nabarmendu duenez, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea uneoro, eta segurtasun distantziak ere mantendu beharko dira. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta herritar orori —bai Irun eta baita Hondarribia eta inguruko bizilagunei ere— luzatu diete ekitaldira bertaratzeko gonbita.