«Badirudi Irun Aurrera batzuetan Irun Atzera bihur daitekeela»
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak salatu du Irun Aurrera diru laguntzak ez direla bateragarriak izan Eusko Jaurlaritzak ateratakoekin. Ondorioz, hiriko hainbat merkatarik «espero ez zuten kolpea» jaso dutela diote amorruz.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak salatu berri duenez, orain dela bi hilabete Irungo Udalak abiatutako Irun Aurrera diru laguntzak ez dira bateragarriak izan Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzekin, azken astean jaurlaritzatik heldutako informazioaren arabera. Ondorioz, hiriko hainbat merkatarik «espero ez zuten kolpea» jaso dutela diote. Bere garaian udalaren laguntza jaso eta orain (hiru hilabete geroago) Eusko Jaurlaritzarena ere eskuratu dutenei ondorengo mezua helarazi nahi izan diete: udalak laguntzaren itzulera eskatuko duela. «Badirudi Irun Aurrera batzuetan Irun Atzera bihur daitekeela».
«Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzatik biziki deitoratzen dugu krisi garai hauetan merkatariek bizi duten egoera kafkiarra, eta are gehiago deitoratzen dugu erakundeetatik ematen ari zaien erantzun deskoordinatua, neurriak gainjarriz eta pairatzen dituzten behar askori erantzunik eman gabe», diote amorruz. Hala, udal gobernuari zenbateko horiek berreskuratzeko modua berrazter dezala eskatu diote. «Laguntza hozkailua betetzeko erabiliko dute, eta ez beren poltsikoak betetzeko».
Amaitzeko, pozik azaldu dira taldeko kideak, hedabideei bidalitako oharrean azaldu dutenez, begi onez ikusi baitu udal gobernuak proposamena.