Mariñel ontziaren berritze lanei ekin diete dagoeneko
Lanak hiru hilabetez luzatzea aurreikusi du Ignacio Olaziregi Astilleros enpresak; Sustraia boluntario taldeak orain arte egindako mantenu lana ordeztuko du ontziolak.
Mariñel arrantza-ontziaren eraberritze lanei hasiera eman die Olaziregi ontziolak aste honetan, Arma Plaza fundazioak jakinarazi duenez. Mantentze lanak hiru hilabetez luzatzea aurreikusi dute arduradunek, eta legazketariaren estalkia, kaskoa, gila, karelak, eskebenteak eta korasta konponduko dituzte denbora tarte horretan.
Zabaldutako informazioaren arabera, Arma Plaza fundazioak publiko egindako lehiaketa publikoa irabazi du Ignacio Olaziregi Astilleros enpresa hondarribiarrak, eta bera arduratuko da arrantza-ontziaren mantenu lanaz aurrerantzean. Izan ere, Enrike Lekuonaren heriotzatik hiru urtera, Sustraia boluntario taldeak egindako lana enpresa batek egitea erabaki du Hondarribiko Udalak.