Kontxako sailkapen estropada, bi egunetan
Irailaren 2an egingo dute emakumeen sailkapen estropada, eta 3an gizonena. Bandera jokoan izango den bi igandeetako ordutegian ere aldaketak daude.
Koronabirusaren eraginagatik, aurtengo Kontxako Bandera berritasunekin dator. Lehena, eta beharbada nabariena, sailkapen estropadan dago: bi egunetan egingo da. Irailaren 2an emakumeen sailkapen estropada egingo dute 17 ontzirekin (17:30), eta 3an gizonena 24 trainerurekin (17:30). Bandera jokoan izango den bi igandeetan ere bada aldaketarik, ordutegian: emakumeen txandak 10:00etan hasiko dira, eta gizonenak 11:00etan. Beraz, ordubete aurreratu dituzte banderaren lehiarako txandak.
Bai sailkapen estropadan nahiz banderarako bi igandeetan zaleei eskatu diete Donostiara ez joateko. Donostiako Udalak egin duen araudian honakoa adierazi diete arraun elkarteei: “Eskertuko genizueke zuen zaleei adieraztea zein garrantzitsua den Donostiara ez hurbiltzea estropadak ikustera. Bertaratutako publikoak arriskuan jarriko balu ezarritako prebentzio baldintzei eustea, osasun agintariok lehiaketa bertan behera uztera behartuta egongo ginateke”. Ez da debeku irmoa, baina testuan garbi adierazia dago zaleen presentziarekin ez dela nahi. Haientzako espaziorik ez da egongo.
Orotara, 42 ontzik emana dute izena irailaren 2 eta 3ko sailkapen estropadetan aritzeko: 17 emakumeenak, 24 gizonenak. Horien artean Oarso Bidasoko traineruak daude. Honakoa da zerrenda:
- Emakumeen sailkapen estropadako partaideak (irailaren 2an, 17:30ean): Hondarribia, Hibaika, San Juan, Cabo, Perillo, Chapela, Deusto, Donostia Arraun Lagunak, Isuntza, Lapurdi, Lutxana, Ondarroa, Orio, Samertolameu, Tiran, Tolosaldea eta Zumaia.
- Gizonen sailkapen estropadako partaideak (irailaren 3an, 17:30ean): Hondarribia, San Pedro, San Juan, Hibaika, Arkote, Astillero, Bermeo Urdaibai, Cabo, Ares, Zumaia, Deusto, Getaria, Kaiku, Lapurdi, Lekeitio, Mutriku, Ondarroa, Orio, Camargo, Santurtzi, Pedreña, Tiran, Zarautz eta Zierbena.