Itsasoen kutsadura hizpide izango du CIMASUB jaialdiak larunbatean
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak Hondarribia bisitatuko du asteburuan; itsasoen kutsadura, aldaketa klimatikoa eta urazpiko animaliek bizi duten egoera azaleratzeko helburua du jaialdiak.
Martxoaren erdialdean iristekoa zen CIMASUB 2020 Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa Hondarribira, nahiz eta koronabirusak eragindako osasun larrialdi krisia medio bertan behera geratu zen azkenean. Orain, baina, jaialdiarekin disfrutatzeko aukera paregabea izango dute hondarribiarrek larunbatean (hilak 29), gaueko 22:00etan, Kasino Zaharrean.
Itsasoen kutsadura, aldaketa klimatikoa eta urazpiko animaliek bizi duten egoeraren inguruan kontzientziak pizteko helburua du urpeko zinema zikloak. Bertara joateko interesa duten lagunek Arma Plaza informazio gunean edo ondoko atarian gonbidapenak jaso behar dituztela gogorarazi dute udaletik.