Auzoberriko parke eolikoaren proiektuari alegazioak jarri dizkio udalak
Aiako Harria parke naturalaren mugan eraiki nahi dute parke eolikoak Irunen izan dezakeen eragina ez dela behar bezala aztertu uste du tokiko gobernuak.

Auzoberriko parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiola jakinarazi du Irungo Udalak komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Lesakan (Nafarroa) eraiki nahi dute parkea, Aiako Harria parke naturalaren mugan, baina udalak argudiatu duenez, ez zitzaien jakinarazi proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio fasean zegoenik. Horren berri izatean alegazioak jartzeko erabakia hartu du udalak.
Ebaluatzen ari diren dokumentua «osatugabea» eta «partziala» dela uste du tokiko gobernuak. Izan ere, azterketa sektorialek ez dituzte aintzat hartzen Nafarroatik kanpo dauden gertuko lurraldeen ingurumena. Areago, parke eolikoa bertan ezartzeko arrazoiak argitzeko eskatu dio Irungo Udalak Nafarroako Gobernuari, lurralde historikoaren 2030 Ikusmuga Plan Energetikoak ez baitu aurreikusten Lesaka lehentasunezko edo erreserbako eremu eoliko gisa.
Horrez gain, Aiako Harria parke naturala babestutako gunea dela gogorarazi du tokiko gobernuak, eta proiektuak natur gunean bertan, zein fauna basatiarengan izan dezakeen eragina «zuzen» azter dezan galdegin dio Irungo gobernu taldeak Nafarroako Gobernuari. Halaber, proiektuak Irunen eragin ditzakeen ondorioak direla-eta udala espedientearen tramitazioan interesdun gisa kontsideratua izateko eskaria ere helarazi dio Iruñeari.